On line kontsulta martxan jarri du Jaione Martiarena psikologo oiartzuarrak; ‘klik-hitz.com’ webgunearen bidez
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Ohikoak egiten dira psikologoen kontsultak, kontsulta fisikoak, baina ez, ordea, on line kontsultak. Aurrez aurreko harremana beharrezkotzat hartzen da beharbada horrelako kasuetarako. Bada beste modurik, baina: on line. Jaione Martiarena oiartzuarrak Internet bidez pasatzen ditu kontsultak, klik-hitz.com webgunearen bidez.
Euskal Herriko Unibertsitatean graduatu zen 2014an. Bere espezialitatea lan psikologia da eta Gipuzkoako Psikologoen Elkargoko partaide da. Horrez gain, Humanitate ikasketak ere baditu. Martiarenaren esperientzia profesionala lan munduan eta bertan sortzen diren arazoetan oinarritu da batik bat.
Internet zenbat erabiltzen den ikusita, on line terapiak eskaintzea pentsatu zuen: «Erabiltzen ditugun baliabide horiek psikologiako kontsultak emateko ere erabil daitezkeela konturatu nintzen». Pertsonen eguneroko bizitzan tresnak jarri nahi ditu: «Helburua beti da errespetuzko eta konfiantzazko giroa sortuaz bezeroarengan aldaketa jokabideak bultzatzea. Bere burua hobeto ezagutzeko eta horren bidez nortasunaren alderdi positiboak indartu ditzan, horiek eguneroko bizitzan eraginkortasunez erabiltzen ikasteko».
Ohiko kontsulta jartzea pasatu zitzaion burutik, baina horrelako asko daudela eta, beste bide bat hartzea erabaki zuen. «Kontsultara joan nahi ez dutenentzat aukera polita iruditu zitzaidan. Psikologoarengana joatearenarekin oraindik ere tabu moduko bat dago, eta hau aukera bat izan daiteke. Beste modu batera batzuk ez lirateke animatuko psikologo batekin egotera eta, aldiz, modu honetara bai», azaldu du Martiarenak.
Ekainean jarri zuen martxan proiektua eta jendea animatzen hasi dela kontatu du, «jendea sistema hau probatzen bezala dabil, ea nola funtzionatzen duen». AEBetan oso zabaldua dagoen kontsulta mota da, «eta ongi funtzionatzen duela ikusi dute. Hemen oraindik nahiko berria da sistema hau».
Funtzionamendu aldetik ez dago misterio handirik: webgunera sartu, eta bertan kontaktua jartzen duen tokian kontsultaren arrazoia jarri behar da. Gero, kontsulta zein modutan egin nahi duen aukeratu behar du bezeroak: posta elektronikoz, WhatsApp edo Skype bidez, edo bideokonferentzia bidez. Gerora, ohiko kontsultekin alderatuta, prozesua berdina da Martiarenak azaldu duenez: «Hasieran entzun egiten da, baloratu egiten da, helburuak jartzen dira eta ondoren, tratamendua jartzen da».
Alde on eta txarrak
Psikologia kontsulta mota honek, gauza guztiek bezala, bere alde on eta txarrak ditu. Onuren artean prezioa nabarmendu du psikologo oiartzuarrak: «Desplazamendurik ez dago, beraz, hortik hasita merkeagoa da». Horrez gain, Internetek askatasun gehiago ematen du nahi duzuna esan eta adierazteko».
On line bidezko kontsulta pertsona oso lotsatientzat «oso egokia» dela iritzi dio. Horrez gain, anonimatu eta konfidentzialtasuna bermatzen direla nabarmendu du: «Izenik eman nahi ez duenak ere horretarako aukera du, ez dago arazorik; aurrez aurrekoetan horrelako gauzak ezin dira egin». Gainera, on line kontsultetan eta aurrez aurrekoan efektua berbera dela esaten duten ikerketak badaudela baieztatu du.
Txanponaren beste aldean desabantailak daude: «Arazo batzuk tratatzea ezinezkoa da modu honekin. Oso arazo larriak dituztenak ezin dira tratatu, esate baterako, nahaste psikotiko larriak edo suizidio arriskua dutenak».
Aurrez aurrekorik ez egotearekin batera, hizkuntza ez berbala galdu egiten da, eta hori arazo bat izan daiteke bezeroa aztertzean. «Hala ere, bideokonferentziaz egiten diren kontsultetan hori ez da arazo», esan du.
Depresio eta bikote arazoak
Askotariko arazoak tratatzen ditu Jaione Martiarenak: antsietatea, fobia, estresa, obsesioak, bakardadea, lana, adikzioak, autoestimua, lotsa, bizitzako aldaketak… Horietatik kontsulta gehien jasotzen dituzten arazoak depresioa eta bikote harremanak direla nabarmendu du Martiarenak. Krisiarekin depresio arazo gehiago antzeman ditu, «jendeak agian ez daki nondik jo».
Martxan jarri duen proiektu berri honi etorkizuna ikusten dio psikologo oiartzuarrak: «Etorkizuna dela iruditzen zait. Ohiko kontsultak beti egongo dira hor, baina honek etorkizuna du».
Psikologoengana joaten tabuak hautsi behar direla uste du Martiarenak: «Ez du zertan pertsonak burutik gaizki egon behar psikologo batekin hitz egiteko. Arazoren bat baldin badu norbaitek, eta ez badu norekin konpartitu, hau bide bat izan daiteke. Hitz egitea bera ere, terapeutikoa da».