Gobernu taldean aldaketak egon arren, udalak aurreko legegintzaldiko "hari gidaria" jarraituko duela azaldu du Julen Mendoza alkateak.
Yon Collar, Julen Mendoza eta Jaione Karrikirik Errenteriako Udalaren ehun egunen balatzea egin dute.
Ehun egun igaro dira udal gobernu berria osatu zutenetik, eta udalak egindako lanaren berri eman du, aurrera begira dituen asmoak jakitera ematearekin batera. Hasteko, Julen Mendoza alkateak, gobernu taldean aldaketak egon arren, udalak aurreko legegintzaldiko “hari gidaria” jarraituko duela azaldu du.
Gaur goizean egin dute balantzea alkateak berak, Yon Collar Kultura zinegotziak eta Jaione Karrikiri alkateordeak.
Lau arlo nagusitan banatu dute orain arte egindako lana: garapen sozioekonomikoa, gizarte babesa, hiri mantenua eta hirigintza eta ingurumena.
Kultura eta kreatibitatearen aldeko apustua egiten segitzen dutela berretsi du Mendozak, eta horrek bultzatuko duela iritzi dio herriaren garapen sozioekonomikoa. Arlo horretan lanak egiten ari dira hiru zentrotan: Lekuona, Torrekua, Kapitain Etxea eta Niessen kulturgunea. Lekuonako lanak 2016. urte bukaerarako amaitzea espero dute. Bestetik, Niessen auditoriumean harmaila bilkorrak jartzeko sistema ipiniko dute, eta jasogailua eta lurzorua ere aldatuko dituzte.
Horrez gain, enplegu plan bat ere martxan jarriko du udalak Oarsoaldea garapen agentziarekin elkarlanean 34 lagun kontratatzeko.
Pobrezia energetikoa eta etxegabeentzako neurriak
Herritarren zahartzea eta krisi ekonomikoa dira udalaren kezketako batzuk, eta bizitza duina markatu du helburu gisa. Zentzu horretan, pobrezia energetiko eta etxe kaleratzeen kontrako zerbitzu bat prestatzen ari dela aurreratu du Jaione Karrikiri alkateordeak. Halaber, Pausoz pauso programa diseinatu dute bazterkeria jasaten duten familia eta norbanakoei laguntzeko.
Horrekin lotuta, Gizarte Zerbitzuetako Aholku Kontseilua sortu nahi dutela gaineratu du, “gizarte eragileekin batera udalerriko beharren inguruan hausnartzeko”.
Iaz hasitako bidetik, Udaltzaingoaren eredua ere aldatu nahi dute, eta batik bat herritarren segurtasunera bideratu nahi dute. Hala, Herritarren segurtasunean parte hartzeko tokiko kontseiluaren araudia helarazi die beste talde politikoei, eta urriko plenoan onartu nahi dutela aurreratu du Karrikiri.
Kale garbiketa erronka
Auzo batzarretan ondorioztatu dutenez, herritarren ardura nagusietako bat garbiketa da; horregatik, kale garbiketa eta mantenua erronka dela adierazi du Mendozak. Horri lotuta, hondakinen bilketa zerbitzua esleitzeko lehiaketa martxan jarri nahi dute, eta baldintza agiriak datorren asteko plenoan eztabaidatuko dituzte.
Alabergan ere auzoaren goialde eta Kaputxinoekin lotzeko igogailua jartzeko lanean ari dira, baita Alfonto XI kalea oinezkoentzako kale bihurtzeko ere.
Hondakinak prebenitzeko plana
2016an hondakinen %60a birziklatzea da udalaren helburua, eta horri begira, hondakinak prebenitzeko plan bat prestatzen ari direla aurreratu du Colarrek. Bestalde, Oiartzun ibaiaren gaineko ekintza planean ere lanean ari direla esan du, eta Alhondigan bizikletentzako aparkaleku kontrolatua ere zabalduko dutela azaldu du.