Portuko Plan Bereziaren onarpena mugarritzat jo dute hedabide askok. Zuk, aitzitik, zuhurtziaz hitz egin duzu. Zergatik ?
Esperientziak erakutsi dit gauzak tentuz hartzea komeni dela. Biziberritzea behin eta berriz saldu digute, eta udal honetan gobernatzeko ardura izan dugunok asko dakigu planetaz eta erakunde arteko batzordeez. Egia da ere, plan horiek, nahiz eta adostasunak lortu, ez dutela izan nahi genuen emaitza. Beraz, zergatik zuhurtzia? Esperientziagatik. Nik jada ezin dut ezer arinki saldu.
Uste dut ona dela pausu hau eman izana, eta uste dut hasiera bat izan daitekeela. Gauza ona da finantzazioa eta konpromisoak egotea. Baina hortik dena egina dagoela esatera alde handia dago, eta horrelakorik ez da nire ahotik entzungo.
Baikorra izan nahi dut, baina baita zentzuduna ere. Herritarrei mesede gutxi egingo genieke berriz ere kale eginez gero. Gauzak poliki joatea nahiago dut, presarik gabe, baino etenik ez. Lana nekeza izango da, zaila, eta ziurrenik trabak topatuko ditugu bidean. Nahiago nuke esaten ari naizen honetan guztian erabat okertzea, eta hala balitz nire adierazpen guztiak zuzenduko nituzke, baina gaur-gaurkoz bihotzak hala agintzen dit eta hala adierazi nahi dut.
Lehengo asteko osteguneko administrazio kontseilua Portu Agintaritzan uste baino gehiago luzatu zen, gerorako deituta zegoen prentsaurrekoa bertan behera uzteraino. Zerk eragin zuen atzerapena?
Badakit kazetariek zuen ondorioak atera dituzuela, eta hala behar du. Egia da denok pentsatu duzuela atzerapena Plan Bereziaren gaiak eragin zuela. Egia da Plan Berezia gai garrantzitsua zela, eta interbentzio asko eragin zituela, baina ez zen hori izan atzerapena eragin zuen gaia, Pasaiarekin zerikusirik ez zuten bestelako gaiek baizik.
Administrazio kontseiluaren ondoren, udalak alegazioak aurkeztuko dituela iragarri zenuen, eta zure aldeko botoa ez dela txeke zuri bat ohartarazi. Pasaiako Udalak zein parte hartze izan du orain arteko prozesuan? Baztertuta sentitu al zarete?
Hainbat gauza desberdindu behar dira. Orain egin dena ez da Plan Bereziaren onarpena. Plan Berezia formulatu egin da, eta horretarako eskumena duen bakarra Portu Agintaritza da. Udalak horretan ez du zeresanik. Beraz, ez naiz Portu Agintaritzaren aldetik baztertua sentitu, Portuak egin behar zuena egin duelako.
Egia da ere, plan horretan datorren guztia niri ez zaidala gustatzen, eta uste dut zuzendu beharra dagoela. Orain beste epe bat zabalduko da, jendeaurrean jartzekoa eta alegazioak aurkeztekoa. Udalak, teknikarien laguntzaz, prozesu horretan parte hartuko du alegazioak jarriz.
Nik aurreratu dut a priori badirela gauzak ez zaizkidanak gustatzen. Hala ere, horiek ez ditut aipatu nahi lehenik sakonago aztertu behar ditugulako.
Baiezkoa eman nuen, Pasaiako alkatearen eskutik kontrako botoa ez zelako ulertuko. Horregatik, eta horrelakorik egitea ez doalako nirekin. Baina nik berme guztiak izango dituen prozesua defendatu dut, eta guztia deliberatu eta eztabaidatzeko aukera.
Gure momentua, alegazioena da, eta egin, egingo ditugu. Alegazioak erantzuteko orduan ikuspegi zabala izateko eskatu nuen Portu Agintaritzan, behar den arduraz jokatzeko, udaletik egingo ditugun ekarpenak kontuan hartuz. Administrazio kontseiluan eskaera jaso zuten, eta orain lan egitea tokatzen zaigu.
Gustuko ez dituzunak oraingoz ez dituzu aipatu nahi, baina alegazioen norabidea aurrera dezakezu? Zeintzuk dira, udalarentzat, marra gorriak?
Plan Bereziak ez ditu definitzen xehetasunez hainbat jarduera, baina, zertzeladak ematen ditu; zuzkidura-elementuak, ekipamenduak, portuaren jarduera…. Nik adierazi nahi dudana da, eta hala defendatu nuen Administrazio Kontseiluan, biziberritze urbanistikoa ez dela nahikoa. Herriko sarreraren irudia eraldatzea premiazko da, baina horretara mugatzen bagara ez dugu ezer ere lortuko. Udalerri honen benetako arazoa ekonomikoa eta soziala da, eta ez soilik urbanistikoa. Langabezia tasa handia dugu, eta gizarte bazterketa arazo larriak. Horregatik, azkeneraino defendatuko dut diseinuarekin soilik geratzen bagara, ez dugula asmatuko. Ekonomia eta enplegua sustatzeko bestelako elementuak sortu behar ditugu, eta bestelako bizi kalitatea lortu. Bestela, kale egingo dugu. Ni ez nago irudira mugatzeko prest.
«Zergatik zuhurtzia? Esperientziagatik. Nik jada ezin dut ezer arinki saldu»
«Lana nekeza izango da, zaila, eta ziurrenik trabak topatuko ditugu bidean»
«Biziberritze sozial eta ekonomikorako planak aktiba
Eta zer egiteko asmoa du udalak ezinbestekotzat jotzen duen biziberritze ekonomiko eta soziala bermatze aldera?
Lehengo egunean aipatu nuen adibide gisa interesgarria litzatekeela ekintzaileentzako enpresa haztegi bat kokatzea, ekonomia sustatzaile gisa. Erakunde guztiak biziberritzearekin konprometitu bagara, eta denok uste badugu biziberritzea ez dela soilik urbanistikoa izan behar, bestelako planak behar dira. Funtsezkoa da biziberritze ekonomiko eta soziala aktibatzea, eta planak sinkronizatzea. Udal honek hala proposatuko du gainontzeko erakundeetan, gauza bat argi dagoelako; Pasaiak bakarrik ezin du. Udalak ez ditu nahikoa bitarteko bere kabuz hau guztia aurrera eramateko eta gainontzeko erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da.
Bi urtean 16 milioi euroko inbertsioa egingo dutela aipatu dute, baina zuk zalantzak agertu dituzu finantzazioaren inguruan.
2016ko aurrekontuez ari gara, eta dirudienez, Foru Aldundiak aurreikusia du inbertsioa, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Erdibana egingo dute inbertsioa, Portu Agintaritzak lurrak libratuta egingo lukeelako ekarpena. Dirudienez, ez dago arazorik finantzaziorako, eta ni pozik. Ez dut ezer gehiago esaterik.
Oposizioak salatu du kopuru hori ez dela nahikoa Pasaiak behar duen biziberritze integralari aurre egiteko.
Egia da. Baina nire galdera Bildurentzat da: eta zuek zer egin duzue?. Maximalismoak txarrak dira. Dena ala ezer ez defendatzeak lubakietara eramaten gaitu, eta negoziazioetarako ez da izaten jarrera egokia. Eta hori da Bilduk orain arte egin duena. Ez dakit gaitasun faltarengatik izan den, edo benetan sinistu dituzten beren gezurrak, baina kontua da ez dutela ezer egin. Bilduk halako baieztapenak egitea arduragabekeria iruditzen zait. Noski behar dela askoz ere diru gehiago. Nik ez dakit beraiek badakiten zenbat kosta daitekeen Pasaiako biziberritze integrala, baina baldin bazekiten, bazuten esatea tokatu zaienean. Ez dakit udalerri honen biziberritze ekonomikoa kuantifikatzen, baina badakit nonbaitetik hasi beharra dagoela. Bilduk, marka batekin edo bestearekin, udal hau gobernatu du urtetan, eta beraiek halakorik esatea, oso tristea iruditzen zait.
Premiazko hirigintza batzordea deitzeko eskatu du EH Bilduk —lehengo asteazkenean egin zuten—, eta informazioa prentsaren bidez jaso dutela salatu.
Pozten nau erabateko aldaketa horrek. Beraiek gobernuan egon diren bitartean talde sozialista etengabe aritu da eskaera hori egiten, eta batzordeak ez ziren egiten, edota atzerapenez deitzen zituzten. Nik uste dut batzordea deitzea beharrezkoa dela, eta hala eskatu nion hirigintza zinegotziari, udal talde guztiei informazioa ematea bidezkoa delako. Baina lotsa pixka bat behar da.
Kaleratu diren egitasmoak Kaiko Herrerarako dira gehienbat. Herrera Herrira-k badu eremurako ordenazio proposamen bat, 2011n udalbatzak bere egin zuena. Erabaki hura baztertuko duzue, hala birplanteatzeko asmorik ba al duzue?
Goiz da oraindik. Hasi besterik ez gara egin. Nik badakit jendeak azkar joan nahi duela, are gehiago komunikabideak, baina bidea luzea da eta ez da erraza izango. Kontrakoa dioena gezurretan ari da, asko garelako ados jartzeko. Horregatik eskatzen dut zuhurtzia.
«Egia da ere, niri plan horretan datorren guztia ez zaidala gustatzen»
«Udalerri honen benetako arazoa ekonomikoa eta soziala da»
«Herrera Herrira-ren plana zientzia fikzioa iruditzen zait, errege magoei eskutitza…»
Uste dut goizegi dela Herrera Herrira-k proposatzen duen elementuren batek tokia izan dezakeen jakiteko, baina argi hitz egin nahi dut. Argi hitz egin nuen 2011. urtean, argi hitz egin nien lehengo legegintzaldian bilera eskatu zidatenean, eta argi hitz egin nien lehengo astean haiekin bildu nintzenean. Nik ez dut beren proiektuan sinisten. Talde sozialistak kontra bozkatu zuen 2011 urtean, ez genuelako ikusten, inondik inora, eta kontra bozkatu genuen botazio hark izan zuen kostu elektorala onartuz. Pasaiako sozialistei gauza asko leporatzea izango dute, baina ez inkoherentzia. Herrera Herrira-ren plana zientzia fikzioa iruditzen zait, errege magoei eskutitza, txoriak eta loreak… Eta nik ez dut defendatuko sinisten ez dudan zerbait. Sutsua eta kartsua naiz, baina zerbaitengan sinisten dudanean. Eta nik plan horretan ez dut sinisten. Plan Berezian hutsuneak ikusten ditudan bezala, hutsuneak ikusten ditut aldi berean Herrera Herrira-ren planean. Beraz, ez dut defendatuko.
Hori bai, azkenean gauzatuko den planak bizilagunekin adostua izan behar duela uste dut. Horregatik parte hartze prozesuan eta alegazioetan gehiengoz zerbait aterako balitz onartuko genuke, demokrazia halakoa delako. Baina talde sozialistak ez du plan horretan sinisten, ez eta alkate honek ere. Beraz, beste batzuk defendatu eta bultzatu beharko dute.
Parte hartze prozesua izango da, beraz.
Oraindik ez dugu definitu, baina parte hartze jardunaldiak egongo dira. Dokumentu sendoa da, eta teknikariei laguntza eskatuko diegu plana herritarrei behar bezala azaltzeko. Ondoren epe bat egongo da, bizilagunek eta gainontzeko elkarteek beren ekarpenak egin ditzaten. Informazioa ez da ezkutatuko, eta parte hartu nahi duen orok izango du aukera. Are gehiago, jendea parte hartzera animatu nahi dut, herritarrek esateko asko dutela sinetsita nagoelako.
Atez atekoa nola kenduko duten gaur azalduko dute
Hondakinak biltzeko sistemaren aldaketaz galdetu nahi zion Oarso Bidasoko Hitza-k Izaskun Gomezi, baina elkarrizketa egiterako —asteartean— alkatetzak programatua zuen gaurko prentsaurrekoa, hain zuzen ere udalerrian atez atekoa nola kenduko duten azaltzeko agerraldia. Alkateak nahiago izan du gaur arte adierazpenik ez egin. 11:00etan da prentsaurrekoa, Arizabalon.
Hondakinen bilketa sistema San Markos Mankomunitatearen esku uzteko erabakia hartu du gobernu taldeak —datorren astearteko plenoan bozkatuko da aldaketa— . Ondorioz, atez atekoan ari diren 13 langileak—alkatea aste honetan zen haiekin biltzekoa — azaroan kaleratuko dituztela espero da.