Munttarpeko jokalariak, entrenamendu batean, Bekoerrota kiroldegian
Hasiera-hasieratik konbentzituta ginen proiektuarekin. Polita da martxan jarri duguna». Ilusioz beteta esan ditu hitzok Aitor Makazaga Munttarpe Eskubaloi Taldeko kideak. Hasiera hori orain urtebete izan zen, Lezoko Garagardo Festan, hor hasi zen dena. Bihar ezagutaraziko dute proiektua jendaurrean, Eskubaloi Festan.
Batekin hitz egin, bestearekin… eta azkenean taldea sortu. «Eskubaloian aritutako jendearekin dago osatua taldea. Batzuk Lehenengo Maila Nazionalean ibilitakoak dira, Allerru Eskubaloi Taldean egondako batzuk ere… Talde polita atera dugu eta giro oso ona dago», adierazi du Urtzi Barbado talde teknikoko kideak.
Taldekideak biltzeaz gain, zeregin garrantzitsu bat ere eduki dute eskuartean: taldeari izena jartzea. Zerbait sinbolikoa jarri nahi zuten eta eurentzat zeresana zuena, Makazagak azaldu duenez: «Jaizkibel izena sartu nahi genuen, baina ezin izan zen izena oso errepikatua zegoelako. Jaizkibelgo lehenengo torreoia non dagoen galdetu eta Munttarren dagoela esan ziguten. Inguruan dagoen baserri baten izena da. Kontuan hartuta gure herria azpian dagoela, Munttarpe izena jartzea pentsatu eta erabaki genuen». Izena jarrita eta taldea osatuta. Amets bat beteta: «Betidanik izan dut ametsa herrian zerbait sortzeko, klub bat sortzeko».
Kirol preziatua herrian
Eskubaloia ez da kirol berria lezoarrentzat, sona eta jarraipena izan duen kirola izan da. Orain 50 urte Lezoko eskubaloi taldeak zeresan handia eman zuen. Lehenengo Mailan jokatzera iritsi ziren eta Espainiako Kopa ere irabazi zuten. Allerru Eskubaloi Taldea ere egon zen, orain zortzi urte desagertu zena. «Azkenean herriko gehienek dugu familiakoren bat edo ezagunen bat eskubaloian ibili dena», esan du.
Eskubaloia, baina, pixkanaka-pixkanaka itzaltzen joan zen, galdu arte. Baina jendearen gogoa ez zen itzali, eta sortu berri den taldea da horren isla. «Berriz berreskuratu nahi izan dugu eta herrian zein inguruan zabaldu», adierazi du.
Emakumeak lehen aldiz
Eskubaloiak pisu handia izan badu ere, emakumeen talderik ez da inoiz izan herrian, ez behintzat Senior Mailan. Munttarperekin hori aldatu egingo da, emakumeen taldea lehen aldiz arituko da Lezo ordezkatzen.
Mutilek ez bezala, neskek arazoak izan dituzte sortze bidean, «pila bat», Amaia Iturralde taldearen sortzaile eta idazkariaren hitzetan: «Batetik federazioarekin arazoak izan ditugu eta uda guztia deiak eta deiak egiten ibili gara. Azkenean, joan den asteartean deitu ziguten gure taldea ligan egongo zela esanez. Bestetik, taldea osatzeko ere hainbat zailtasun izan ditugu; taldea berria denez dirua guk jarri behar izan dugu».
Hamalau neska ariko dira taldean, Lezokoak zein ingurukoak. Hauek ere esperientziadunak eskubaloian. Euskal Ligan jokatuko dute, eta urriaren bigarren asteburuan hasiko dute denboraldia.
Euren helburua da Gipuzkoako lehen seien artean gelditzea. Dena den, asteburu honetan nola dauden ikusiko dute, Egiaren kontra jokatuko baitute partida.