Eraldaketaren pausoak
Asteazkenean iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa Oarso Bidasora. Irungo Santiago zubian emango diote ongi etorria, eta Errenteria-Oreretan egingo diote agurra hurrengo egunean
«Emakumeak elkartuta, iraultza egin nahi dugu beste mundu bat egiteko» Lierni Arrieta Irureta, Oarsoaldeko antolatzailea «Lurraren inguruan beti espekulatu izan da, baina orain, elikadurara iritsi da» Maritxu San Pedro, Bidasoko antolatzaileaBasoa iraganeko emakumeei egingo dieten omenaldia da, historian zehar zapalduak izan diren andra guztiei. Horregatik emango du Zozaiako Mari Basoa izena. Zozaiako Mari Zugarramurdiko epaiketetan kondenatua izan zen emakume bat izan zen. Errenteria-Oreretakoa. Zozaiako Mari ezagutarazi eta omendu nahi dute. Hazi jaurtiketa ere berezia izango da. Etzi prestatuko dute, eta mundu martxa igarotzen den egunean burutu. Nengo Dango tailerrean prestatuko dituzte haziak. Fukuoka filosofo japoniarretik dator praktika hori. Natura bortxatu eta naturari etekina atera ordez, naturari lagunduz, fruituak lortzea da bultzatzen duena. Horretarako, hazi bolak egiten dira; alegia, hazia buztinarekin edo luarrarekin (konposta) biltzen da, eta ondoren, jaurti egiten dira, erein partez. Hori Kampsan egingo dute, Errenteria-Oreretak lur eremu horrekin izan duen harremana kontuan hartuta. «Kampsako lur eremua ongi berezia da: lurraren esplotazioa, gizarte patriarkatu honek lurra nola bortxatzen duen, eta baita gure historia industriala, konstrukzioaren eromena…», azaldu du Lierni Arrietak.
4
mundu martxa 2000. urtetik, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzen ari da Emakumeen Mundu Martxa. Euskal Herrian modu koordinatuan antolatu dira taldeak, ekintza muga hauekin: indarkeria transistematikoa; bizitzaren sostengarritasuna; gorputza eta sexualitatea, eta lana sarean eta aniztasunaren gestioa. Haziak, ikur Urtero Emakumeen Mundu Martxak ikur komun bat izaten du. Duela bost urte patchworkaren inguruan ibili baziren, aurten haziak izango dira protagonista. Horien bidez, elikadura burujabetzaren aldeko borroka gogorarazi nahi dute. «Lurraren inguruan beti espekulatu izan da, baina orain, elikaduraraino ere iritsi da, haziak patentatzeraino. Horregatik eskatzen dugu feministok elikadura subiranotasuna. Gainera, munduan zehar nekazari txikiak, oro har, emakumeak izaten dira», azaldu du Maritxu San Pedro Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak. Zentzu horretan, mundu martxak Etxalde elikadura burujabetzan lana egiten duen mugimenduarekin bat egin duela gaineratu du San Pedrok. Haziak arriskuan ikusten ditu mugimendu horrek, eta horregatik, Euskal Herri osoan zehar haziak bildu nahi ditu. Hazi horiek mundu martxako karabanan sartuko dituzte, eta Lisboaraino joango dira.
Errenteria-Oreretan nahiz Hondarribian egingo dute hazien eskaintza, karabanak geldialdia egingo duen Oarso Bidasoko bi herrietan. Horregatik, mundu martxari begira, landaketak egin dituzte egunotan Oiartzun, Irun eta Hondarribian.
Karabana Oarso Bidasoan
Mundu martxaren egunean, ekintzak karabanak geldialdia egingo duen tokietan zentratuko dira. Irundik, Santiago zubitik iritsiko da karabana Oarso Bidasora, 16:30ean, eta handik Hondarribia aldera joko du. Mendelu, Amute, Kosta, Santa Grazia, Harresilanda, Soroeta eta Sokoa pasatuko ditu. Gero,futbol zelaiaren parean eskuinetara hartu eta Foru, Itsasargi, Zuloaga, Sabin Arana, eta Molla igaroko ditu. Puntalean egingo zaio ongi etorria. Ekintza guztiak beheko koadroan daude.
Pasaiatik iritsiko da karabana hurrengo egunean, Errenteria-Oreretara, 10:00etan. Niessenera joango da, eta Biteri kaletik Foru plazara iritsiko da. Karabanari Gabierrota auzoan egingo diote agurra. Hark Lisboarako bidea jarraituko du, baina Oarso Bidasoko emakumeek martxan segituko dute helburua lortu arte.
Baratze feminista landatu dute
Joan den larunbatean, Emakume Mundu Martxaren haritik, baratze bat landatu zuten Oiartzunen, anbulatorio ondoko zelaian. Oiartzungo Feministen Asanbladaren deialdiak herritarren erantzun zabala jaso zuen. Aza gorriak aukeratu zituzten landatzeko, eta landatzen joan ziren heinean, ikur feminista marrazten joan ziren soroan. Aurretik lurra prestatzen aritu ziren, eta behin dena antolatuta, bakoitzak bere hazitxoa jarri zuen. Lanaren ondoren, merezitako saria izan zuten: denentzat mokadutxoa.

