Hamalau puntuko gai zerrenda jarri zuten atzo ilunabarrean mahai gainean iraileko ohiko udalbatzarrean. Udal zergak izan ziren, besteak beste, ahotan izan zutena.

Atzo ilunabarrean egin zuten iraileko ohiko plenoa
Hamalau puntuko gai zerrenda jarri zuten atzo ilunabarrean mahai gainean iraileko ohiko udalbatzarrean. Udal zergak izan ziren, besteak beste, ahotan izan zutena. Hala, 2016ko zergak KPIaren arabera igoko dituzte, hau da, %0,2. Salbuespenak izango dira hala ere.
Salbuespen horiek bederatzi izango dira. Gehienek ez dute igoera hori jasango, hondakinak, erroldan baja ematea… kontzeptu horietan esaterako. Ura eta estolderiaren zerga, ordea, %5 igoko da. Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak “inkoherentzia” ikusten dutela azaldu zuen:”Zergatik ura igotzen da eta hondakinen zerga ez?”. Jexux Leonet alkateak azaldu zuen Añarbek jartzen duela uraren irizpidea eta bide horretatik koherentzia mantendu dutela. “Bilketari dagokionez, dagoen partidarekin kubritzen da”, esan zuen.
Protokolo gastuei dagokionez, uztailean 40 eurokoa izan zen eta abuztuan eta irailean ez da gasturik egon.
Eskari-galderetan, EAJk Urkabe Baita etxe okupatuan Ertzaintzak egindako interbentzioaren gainean galdetu zuen. Bergaretxek esan zuenez, larunbatean cannabis plantazio batengatik Ertzaintza bertara joan zen. Etxe hori udalaren eskumena denez, udalari informazioa eskatu zion. Leonetek azaldu zuen Ertzaintzaren atestatua irakurri gabe dutela oraindik, baina udaltzainen bidez jakin dutela gertatutakoa. Atestatuaren zain daude eta zerbait dakitenean jakitera emango dietela erantzun zion.