Siriako errefuxiatuak hartzeko prest dira Oarsoaldeko eta Bidasoko udalerriak. Oraindik, ordea, ez da kopuru zehatzik ezta datarik ere. Bien bitartean milaka siriar daude nora bideratuko dituzten zain.

Ez dago informazio argirik iritsi daitekeen errefuxiatu kopuruaren gainean. Irudian, haur siriarrak garaipenaren ikurra egiten.
Deserrira bidean, milaka eta milaka siriar zain daude Europako herrialderen batera iritsi eta asiloa lortzeko. Gerratik ihesi doaz. Bonben hotsak ez die gorputza dardarazten, baina ez dira bide erraza izaten ari, babesa aurkitu ordez txantxarrekin topo egin dutelako eremu askotan, eta agintari askoren inkopetentziarekin. Siriako gerrak errefuxiatu mugimendurik handiena eragin du Europan Bigarren Mundu Gerratik. Une honetan lau milioi errefuxiatu siriar daude zain Turkian edonora iristeko prest. Horietako gutxi batzuk, Oarsoaldeko eta Bidasoko udalerrietara iritsiko dira, eta bertako erakunde zein herritarrak prestatzen ari badira ere, helduko direnen kopurua eta perfila ezagutzerik ez da oraindik.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatua da Maite Peña errenteriarra. Gipuzkoara iristen diren errefuxiatuak herrialde osoan modu orekatuan banatuko dituztela esan du, «pertsona bakoitzak duen beharren arabera eta udalerri bakoitzak dituen aukerak kontuan hartuta». Kexu da Peña, informazio falta lana zailtzen ari zaielako izugarri.
Krisi humanitarioa kudeatzeko Europak erakutsi duen gaitasun ezaz ere mintzatu da Peña: «Tamainako arazo baten aurrean adostasuna lortzeko gai ez izatea ezinezkoa da. Pertsona horiek noraezean dituzte». Argi du, gainera, Siriako gatazka konpontzea dela gakoa, «pertsona horiek ez dute euren bizilekua bizitza hobeagoa nahi dutelako utzi, bizi nahi dutelako baizik».
Hondarribia eta Irun
Hondarribiko eta Irungo aterpetxeak erantzun bat emateko balio dezaketela esan du Peñak, baina helburua errefuxiatuak etxebizitzetan kokatzea dela: «Bi aterpetxe horiek hasierako harrera egiteko baliagarriak izan daitezke, helburua gizarteratzea bada, aterpetxea ez delako aukerarik onena. Ez datoz gainera denbora laburrerako, epe ertain edo luzerako baizik».
Etxebizitzarena ez da arazo bakarra, ordea: «Behar integralak aztertu behar ditugu eta etxebizitzarekin batera, elikadura, hezkuntza, osasun arreta, hizkuntza… beharko dute. Une honetan ditugun baliabideak aztertzen ari gara, haien beharrak aztertzeko eta ahalik eta harrera orekatuena eta integralena eskaini ahal izateko».
Gipuzkoa osoan erantzuna oso positiboa izaten ari dela adierazi du aldundiko ordezkariak. Errenteria-Orereta, antolatuen erantzuten ari den udalerrietako bat omen da, «Errenteriaren berezitasuna da aniztasuna, askotariko jatorritako herritarrak bizi dira bertan, eta herri solidario eta irekia gara. Orain ere, horrela izaten ari da».
Gizarte sarea, Errenterian
Errenteriako Gizarte Zerbitzuetako arduraduna da Nagore Basurto Errenteria Irabaziz alderdiko zinegotzia. Udalak deituta, Siriako errefuxiatuen gaineko gaiaz hitz egiteko batzar irekia egin zuten hilabete hasieran. Ehun norbanako eta eragilek hartu zuen parte.
«Helburua nolabaiteko gizarte sarea osatzea zen, aurrera begira egin beharko den lana ikusita lehen urratsa egiteko», azaldu du Basurtok. Zentzu horretan, Siriako errefuxiatuen gaineko erakunde adierazpena egin du Errenteriako Udalak, eta ACNUR elkarteari 5.000 euro ematea adostu dutela gaineratu du.
«Ez dute bizilekua bizitza hobeagoa nahi dutelako utzi, bizi nahi dutelako baizik»
Maite Peña, Gizarte gaietako diputatua
«Jendea hunkituta dago. Herritarrok hartu behar dugu protagonismoa»
Idoia Ikardo Enparan, Adiskidetuak elkarteko kidea
Eskaera ofizialik ez dutela jaso esan du Basurtok, «hala ere, herrian zer egin dezakegun aztertzen ari da udala: etxebizitza behar izanez gero prest gaude, sentsibilizazio kanpainak egingo dira, eta datozenei merezi duten harrera egiteko gizarte sarea sortu nahi dugu».
Une honetan gizarte eragileekin bilerak egiten ari da Errenteriako Udala. Hurrengo batzar irekiari begira lan mahaia eratzea proposatuko dutela aurreratu du, bestalde: «Egun ditugun, nahiz etorkizunean sor daitezkeen bestelako egoera askori erantzuteko akuilua izatea nahi dugu lan mahai hori. Oinarri sendo bat eratu, egoera zehatz eta larri honetatik harago».
Irungo Udalak, bestalde, Siriako errefuxiatuen aldeko adierazpen instituzionala egin du. Lezokoak, berriz, mozioa onartu berri du aho batez. Horren arabera, errefuxiatuentzat babes hiri sareko kide bihurtu da Lezo. Noemi Arberas Lezoko Udaleko Gizarte zerbitzuetako arduraduna da, eta akordioa lortu bai, baina urratsak egiten ez direla hasi oraindik esan du: «Hala eskatzen duten errefuxiatuen eskura jarriko ditugu udal baliabideak, baina oraindik ez dugu berririk».
Errefuxiatuekin lanean
Irungo Adiskidetuak elkarteko kide eta abokatua da Idoia Ikardo Enparan. Etorkinekin lan egiten du elkarte horrek 2006az geroztik. Aholkularitza juridikoa emateaz gain, gizarteratzeko zein lan munduan txertatzeko aholkularitza eskaintzen diete etorkinei Ikardok eta Rocio Calderonek, Kolonbiatik heldutako abokatuak. Emakumeei begirako bilguneak dituzte elkartean, tailerrak antolatzen dituzte eta haurrei begira udako tailerrak.
115
Eskaera 2014. urtean
Gipuzkoan hamar asilo eskaera eta 105 aberrigabezia eskaera jaso zituzten 2014. urtean.
Hego Euskal Herrian guztira 125 asilo eskaera jaso zituzten urte berean, eta 555 aberrigabezia eskaera, CEAR Euskadik (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) emandako datuen arabera.
«Sirian denek nahi gaituzte gazteak gudarako, borrokarako»
Alaa Eddin Errefuxiatu Siriarra

Alaa Eddin
2013an iritsi zinen Siriatik guda egoeratik ihesi. Zein izan zen zure esperientzia? Nolakoa izan zen bertatik irtetea?
Bartzelonara iritsi nintzen, eta ondoren zuzenean Irunera etorri nintzen. Nire kasuan turista bisa nuen Bartzelonara joateko. Garai hartan dagoeneko gerra egoeran ginen Sirian. Siriatik Libanora autoz joan nintzen, Libanotik Turkiara, eta handik Bartzelonara hegazkinez. Nire kasuan erraza izan zen, bisa neukalako.
Irunera iritsita erabaki zenuen denbora gehiago gelditzea Euskal Herrian?
Damaskon egoera zaila zen orduan, eta Irunen gelditzea erabaki nuen. Nire gurasoek ez dute nahi, gainera, bertara itzultzea, gazteok arazoak ditugulako Sirian. Sirian denek nahi gaituzte gazteak gudarako, borrokarako, eta gurasoek nahiago dute hemen egotea Sirian baino. Hala ere, ez zen erraza izan heldu nintzenean, Espainiako Estatuan ez dago laguntzarik errefuxiatuentzat, krisi egoeragatik edo. Arrazoi horregatik, Siriako gazte askok nahiago dute Herbehereetara edo Alemaniara joan.
Siriako errefuxiatuen gaineko irudi gogorrak heltzen ari dira. Zer suposatzen du guda baten erdian bizitzeak?
Bonba bat jaurtitzen dute bat-batean, eta hamar minutuan izugarrizko zoramena bizi duzu. Hamar minutu horiek igarota bizitzak normal jarraitzen du aurrera. Inork ez daki hurrengo bonba noiz helduko den, bonba gehiago jaurtiko dituzten edo ez.
Iritsi zinenean Irungo Adiskidetuak elkarteko kideek lagundu zintuzten tramite juridikoak egiten.
Zaila izan zen egoera heldu nintzenean. Diru pixka bat banuen, gela bat hartu nuen eta ordaintzen joan nintzen. Baina dirua agortzen joan zen, eta laguntzen gainean galdetu nuenean, jateko laguntzak banituela, baina bestelakorik ez esan zidaten.
Izugarri lagundu ninduten Adiskidetuak elkartekoek paperak egiten, nik ez nekien zer edo nola egin behar nuen. Laguntza handia izan dut beraien aldetik.
Une honetan gela bat dut Irunen, eta ordukako lana dut itzultzaile gisa. Lana bilatzen ari naiz, hala ere. Urtebete Irunen erroldatuta bete dudanean, laguntza jasotzen hasi naiz, baina ez errefuxiatua edo siriarra naizelako.
Zure familia, etxea eta lana utzi zenituen Siriatik ateratzea erabaki zenuenean. Nola daramazu gurasoak han egotea?
Bai, hala da. Gogorra da. Gurasoak han ditut, han lana nuen, nazioarteko agente komertziala nintzen. Oraintxe bertan Siriara itzultzea ez litzateke segurua niretzat, muga pasatu beharko nuke eta gazteontzat ez da segurua.
Zer eskatuko zenuke Siriatik datozen errefuxiatuentzat?
Beraientzako garrantzitsuena oraintxe bertan segurtasuna da. Laguntza aurkitzea iristen diren lekuetan, jendea hiltzen ari delako mugetan.