Pasaiako PSE-EEren hautagaitzaren aurkezpena, azken udal hauteskundeentan
Hartutako “norabidea zuzena ” delakoan, positiboki baloratu ditu Pasaiako PSE-EEk legegintzaldiko lehenbiziko 100 egunak. Esan dutenez, hauteskunde kanpainan hitzartutakoak betetzea lehentasuna izan da, eta bide horretan, beren neurri “enblematikoa” atez atekoa bertan behera uztea izan dela nabarmendu dute.
“Zailtasun tekniko eta politikoak handiak izan diren arren, promesa honi lehentasunez erantzuteko lan egin dugu, eta asebetetzen gaitu baieztatu ahal izatea lehen urratsak egiten ari direla atez atekoa bertan behera uzteko”, esan dute.
Hilaren bukaeran hasiko dira jartzen edukiontziak Trintxerpen, ondoren bilketa sistema berria gainontzeko barrutietara zabaltzeko.
Portu Agintaritzarekin harremana berreskuratu
“Elkarrizketa” eta “normaltasun giroa” berreskuratu izana. Horiexek dira PSE-EEren ustez, beren lorpen garrantzitsuenetakoak,”Bildu-ren inposizioaren ereduaren aurrean, elkarrizketan eta pluraltasunean oinarritutako kudeaketa eredua ezartzea”, eta zentzu horretan Portu Agintaritzarekin harremana berreskuratu dutela nabarmendu dute, “giltzarriak diren proiektuei bultzada” emateko.
Erakundeen arteko harremanak bizkortu dituztela ere esan dute, eta San Pedron Proisako proiektua aurki abiatuko dela iragarri.
Aparkalekua
Aparkalekuaren gaia aztertzen ari direla ere esan dute, merkatari eta ostalariekin batera, “arazoari irtenbidea emango dion proposamena plazaratzeko”.
Azkenik, Antxon eta Trintxerpen Herritarrentzako Arreta Bulegoak zabalduko dituztela iragarri dute, “udal zerbitzuak barrutietara gerturatzeko asmoz”.