Errenteria-Oreretako Niessen merkataritza gunean da elkarretaratzea, 19:30ean, Oarsoaldeko mugimendu feministak antolatuta
Astelehenean Erandion gizon batek bikotekidea erail zuen, eta hilketa salatzeko, Oarsoaldeko udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseilua eta Pasaiako Berdintasun Mahaiarekin batera, bat egin dute eskualdeko mugimendu feministak gaurko egin duen deialdiarekin. Horrenbestez, herritar guztiak deitu dituzte Errenteriako Niessen merkatalgunean gaur egitekoa den elkarretaratzera bildu daitezen, 19:30etik aurrera.
“Publikoki eta aho batez adierazi nahi dugu emakumeenganako indarkeriaren aurkako gure jarrera”, eman dute aditzera. Horrelako gertaerak ez dituztela onartzen eta, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen, lanean jarraitzeko beharra nabarmendu dute.
Azkenik, babesa eta elkartasuna adierazi diote emakumearen familiari.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 2015ean indarkeria matxistaren ondorioz hildako hirugarren biktima da Erandioko Almudena Matarrantz.
Atzo, baina, beste gizon bat atxilotu zuten Lapurdin, igande goizaldean Gixunen hildako emazte baten kasuarekin lotuta, gizona emakumearen heriotzan “rol aktiboa” izan dezakeelakoan.