Juan Carlos Jimenez
Gaur amaituko dena, Camelamos Adiquerar elkarteak Errenterian antolatzen duen XIII. Ijito Kultur Astea da. Zein balorazioa egiten duzue?
Ezin dut ukatu bilakaera positiboa izan duela Ijitoen Kultur Asteak hasi ginenetik gaur egun arte, hobekuntzak izan dira. Askotan, ordea, nahikoa da gertaera txiki bat, urte hauetan guztietan egindako lan guztia hankaz gora jartzeko. Borroka etengabea da, beraz, inoiz ezin dugu utzi. Asko hobetu da, gehiago ezagutzen du jendeak ijitoen komunitatea. Hori da azken batean gure helburua, jendeak ezagutu gaitzala, iritzi propioa izan dezala, baina errealitatean oinarrituta, ezagutzan. Ijitoena kultura ikusezina da, eta estereotipo ugari ditu jendeak oro har gure gainean.
Zenbat lagunek osatzen duzue Errenteria-Oreretako ijito komunitatea?
Gutxi gorabehera hogeita hamabost bat familia gaude Errenterian. Guztira, beraz, 180 bat ijito izango gara udalerrian.
Zenbat urte dira elkartea sortu zela?
Duela 25 urte sortu zen. Ni ez nintzen hasiera hartan, baina urte asko dira elkartean laguntzen hasi nintzela, 13 urte nituen bertan hasi nintzenean. Orain ni naiz lehendakaria, eta gustura nabil lanean.
Errenterian zuen gaineko aurreiritziak zabalduta daudela esango zenuke, edo gainditu dira?
Oraindik asko dago, neurri batean gainditu badira ere, lanean jarraitu behar dugu halako uste faltsuen zama gainetik kentzeko.Lehen aipatu dudan moduan, nahikoa da gertakari txiki bat izatea landutako guztia hankaz gora jartzeko. Borroka jarraian gaude aurreiritzi horiekin amaitzeko. Haurrek txikitatik jasotzen dute eskolan. Txikitatik esaten diete ez elkartzeko edo ez jolasteko ijitoarekin, lapurtu egingo diolako, gauza txarrak egiten dituelako, edo zorriak dituelako. Ijitoaren gaineko irudi negatiboa zabaltzen da, eta guk nahi dugu jendeak ikustea ez garela horrelakoak.
Haurrak, haurrak dira; eta eskolan halakoak entzuten dituztenean etxera etortzen dira galdezka zergatik eskolan esaten duten ijitoak lapurrak garela, ‘zuk inoiz ez duzu lapurtu, aita’. Halakoen aurrean esaten diet ez dutela kasurik egin behar. Ijitoak drogarekin ere lotzen dituzte. Izango da baten bat, baina horrek ez du esan nahi denak halakoak garenik, ezta gutxiago ere. Gaizkileak herri guztietan daude, kultura guztietan.
Ijitoen Kultur Astearen bidez zuen kultura eta errealitatea beste herritarrengana hurbiltzea bilatzen duzue, sentsibilizatzea…
Bai, hori da helburua gure kultura agerian jartzea, erakustea. Horren harira beste elkarte batzuetako jendearekin elkarlanean ari gara. Gizalde elkarteak, adibidez, material guztia uzten digu, Mindara elkarteak ere hartzen du parte gurekin aste honetan antolatzen dugun pilota partidetan.
Instituzioak nahikoa inplikatzen direla esango zenuke integrazioa lantzeko, eta zuen komunitatea ezagutarazteko?
Errenteriako Udala onenetakoa dela esango nuke, Donostiakoarekin batera. Gauzak asko errazten dizkigu jarduerak, aste hau bezalakoa, antolatzeko garaian, beraz, uste dut inplikatzen direla. Sentsibilizatuta daudela esango nuke bi udal horiek.
Hizkuntza ere badaukazue, romania. Zein egoeran dago?
Guk hitz egiten dugu, baina benetako hizkuntzatik eratorritakoa da erabiltzen duguna, ez dugu benetako romania hitz egiten. Arrazoia? Euskaldunei gertatutakoaren antzekoa gertatu zaigu guri ere, gure hizkuntzak izan zuen jazarpenagatik galdu egin genuen, eta ez dugu, beraz, benetako romania hitz egiten. Guk erabiltzen duguna oso pobrea da.
Seme-alabek mantentzen dute hizkuntza, belaunaldiz belaunaldi segida ematen diozue?
Saiatzen gara erakusten, baina esan dudan moduan oso hitz gutxi ditugu, eta elkarrizketa luze eta sakonak izateko ez da nahikoa. Oso zaila da.
Kutur astean zehar ijitoak ez direnak hurbiltzen dira zuek antolatutako ekitaldietara?
Bai, eta gure kultura eta ohituren gaineko galderak ere egiten dizkigute. Zein den gure gastronomia, adibidez. Nik beti erantzuten diet ijitoen artean tradizioa dela arroza, oiloa eta mihilua nahasten dituen platera. Gabonetan, berriz, tipikoa da empedrau izenekoa. Babarrun zuria, garbantzuak, bakailaoa eta espinakak nahasten dira platera hori egiteko. Kulturaren gainean ere galdetzen digute hurbiltzen direnek: ezkontzak nola ospatzen ditugun, gure seme-alabak nola hezten ditugun.
Familia oso garrantzitsua da zuentzat.
Gure familiaren kontzeptua ez da besteek dutenaren berdina. Familia ez dira gurasoak eta seme-alabak, guretzako familia aipatutako horiek eta aiton-amonek, birraitonek, lehengusuek, lehengusu txikiek… osatzen dute. Familaren zentzua guretzat oso zabala da, eta lehentasuna da guretzat senideekiko, batez ere adinekoekiko errespetua. Ijitoen artean gaixorik daudenak babestea ere oso zabalduta dago, senidea izan edo ez, denok jartzen dugu gure alea gaixo hori aurrera ateratzeko.
«Lanean jarraitu behar dugu halako uste faltsuen zama gainetik kentzeko»
«Kultur astearen helburua gure kultura agerian jartzea, erakustea da»
Zuengana hurbiltzen den jendearen artean aurreiritziak aldatzea lortzen duzuela esango zenuke, edo ez da erraza eragitea?
Jendeak gure kultura eta gu geu, ijitoak ezagutzea nahi dut, gure gainean jendeak dituen aurreiritzi guztiak ezkorrak direlako. Jendeak gu ezagutzeko aukera duenean, ordea, horiek aldatu egiten dira. Errealitatetik ijitoak ezagutzeko aukera dutenean, beste modu batera ikusten gaituzte.
35 familia bizi zaretela Errenterian esan duzu, Aste kulturalaz gain, bestelako harremanik baduzue zuen artean, elkartzen zarete hortik kanpo?
Harreman handia dugu gure artean azoka txikietan elkartzen garelako, gehienak horretan lanean gabiltzalako, eta beraz, harremanetan gaude ia egunero. Eliza ebangelikoa ere badugu; denak ez gara joaten, baina gehientsuenak biltzen gara bertan. Peña flamenkoa ere badugu Donostiako Amara auzoan, La paquera de Jerez deitzen da, eta bertan ere elkartzen gara. Bestalde, haurrei begira antolatzen ditugu jarduerak.
Kirolaren aldeko apustua ere egin duzue, eta Camelamos Adiquerar elkarteak futbol taldea du…
Orain bi urte eta erdi hasi ziren futbolera jokatzen, eta taldea osatzeko beharra ikusi zuten. Zailtasun handiak zituzten taldea aurrera ateratzejo, eta elkartera jo zuten laguntza eske. Guk ekipazioa eta taldea egiten lagundu diegu, baina orain futbol zelaiak lortzea da arazoa. Garestia da futbol zelaietan jokatzea, eta laguntza bilatzen ari gara. 25 eta 32 urte arteko 18 jokalari daude. Helburua haurrentzat eredu bihurtzea da, txikienen artean kirola sustatzeko.
Emaitzarik izan al du?
Badirudi baietz. Txikienak ere futbol taldea sortu nahi dutela esaten ari dira, eta aztertu beharko dugu ea aukera dugun. Haurren artean kirola sustatzea izan da futbol taldea babesteko arrazoietako bat.
Pilota oroitaldiaren azken fasea jokatuko dute gaur
Ijitoen Kafea jarduera egin zuten astelehenean Xabier Olaskoaga plazan asteari hasiera emateko
Lehenengo eskutik ezagutarazi nahi du ijito komunitateak beraien egunerokoa, kultura eta ohiturak. Ez dute erraza ikusezina den kultura azaleraztea, eta beraien gainean dauden estereotipo ezkorrak aldatzea. Ijitoen Kultur Astearen helburuetako bat hori da, ijitoen komunitatea gizarteratu eta aurreiritzi horiekin amaitzea. Aste honetan bertan egiten ari dira kultur astea, hamahirugarrena, hain zuzen ere. Horren barruan, hamaika ekitaldi antolatu ditu Camelamos Adiquerar elkarteak, heldu zein haurrei begira.
Ijito Kafearekin hasi zuen astea elkarteak. Xabier Olaskoaga plazan mahaiak jarri eta hurbildu nahi zuen oro gonbidatu zuten kafea hartu eta zerbait jatera. Juan Carlos Jimenezek azaldu duenez, horren bidez herriari ekarpena egin nahi diote, «jendeari zerbait eskaini, hurbilketarako eta ezagutzarako, baita solasaldirako aukera eman ere».
Kafea modu berezian prestatzen omen dute: «Lapikoan egiten dugu, baina hondarrak jaso egiten ditugu, eta bigarren kafea egiterakoan berriari hondar horiek gehitzen dizkiogu. Kafeak zapore gehiago du modu horretara, intentsoagoa da zaporea». Jendea kafea hartzera hurbildu zen galdetuta, baietz erantzun du Jimenezek: «Kafearekin batera, pintxo hotzak ere eskaini genituen, txorizoarenak eta. Pozik gaude izandako harrerarekin».
Zineforuma eta solasaldia
Hurbilketa hori, jendeak jakin-mina asetzeko erabiltzen duela gaineratu du Camelamos Adiquerar ijitoen elkarteko presidenteak, «gauza ugari galdetzen dizkigu jendeak gure kultura eta ohituren gainekoak». Garrantzitsuena, hala ere, harreman horretan jendeak dituen aurreiritzi asko desagertzen direla da, «hori da gure helburua, gurekin hitz egin, gu ezagutu, eta iritziak ezagutza eta errealitate horretatik eraikitzea jendeak, ez usteetatik».
Atzorako zineforuma zuen antolatua ijitoen elkarteak, eta horrek ere arrakasta izan zuen. Piratas y libélulas dokumentala eman zuten Xenpelar Etxean. Sevillako (Andaluzia, Espainia) 3.000 etxeen auzo gatazkatsuaz mintzo da. Bost urte eman zituzten dokumentala egiten, eta Romero Murube institutuko hainbat ikasleren historia kontatzen du. Emanaldia amaituta, solasaldia egin zuten Antonio Carmona Moreno dokumentalaren protagonistetako bat, ijitoen elkarteko presidenteak, eta Errenteriako SOS Arrazakeria taldeko Gerar Carrerek.
Aste osoan zehar haurrentzako jolasak, antzerkia eta helduei begirako ekitaldiekin osatu dute egitaraua, eta kirolak ere izan du tartea. Montxo Jimenez V. Memoriala esku pilota torneoa jokatu dute egunotan, eta gaur, Ijitoen Kultur Astearen azken txanpan, oroitaldiaren azken fasea jokatuko dute Fanderiako Agustina Otaola frontoian 19:00etatik aurrera. Ondoren sari banaketa egingo dute frontoian bertan. Sarrera doakoa da eta Camelamos Adiquerar elkarteak herritar guztiak animatu ditu partida ikustera.