Hilaren 16an Errenteria-Orereta eta Elizondo lotuko dituen martxa abiatuko da Saretuz proiektuaren eskutik.
Saretuz 2014ko Nafarroa Oinezen, Zangotzan
Hilaren 18an ospatuko dute Nafarroa Oinez euskararen aldeko jaia Elizondon, eta bertako ikastolari laguntzeko motxila proiektua martxan jarri du Saretuzek. Proiektuak hiru helburu nagusi ditu, eusakara, euskal herritartasuna eta elkartasuna sustatzea, hain zuzen ere. Horretarako bonoak salgai jarri ditu Saretuzek, 5 euroan. Elizondoko ikastolari ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, Elizondoko ikastolak prestatu duen saskiaren zozketan hartuko dute parte bonoa erosten dutenek.
Errenteria-Oreretatik Elizondora martxa
Ez da Saretuzek prestatu duen ekintza bakarra. Izan ere, hilaren 16an Errenteria-Orereta eta Elizondo lotuko dituen martxa abiatuko da. Ikastolako zuzendaritzak egingo dio harrera Saretuzi igandean bertan Elizondon eta bertan elkartasun motxila emango diete ikastolako ordezkariei. Ostirala 16an abiatuko da martxa Urdaburu Mendizale Elkartearen egoitzatik 16:30ean, eta Arritxuloraino helduko da, bertan egingo dute lo. Ibilbidearen bigarren etapan, larunbata 17an, txirrindaz joango dira Arritxulotik Etxalarreraino 8:00etan abiatuta. Larunbat arratsaldean egingo dute hirugarren etapa, eta Etxalar eta Lekaroz lotuko dituzte 10:00etatik 17:00etara, azken horretan lo egiteko. Laugarren eta azken etapa igandean bertan egingo dute, 10:00etan Lekaroztik abiatu eta 11:00etan helduko dira Saretuz proiektuko kideak Elizondora.
Ibilbidean parte hartu nahi duen orok eta bonoak eskuratu nahi dituztenek 629 98 00 10 telefono zenbakira deitu behar dute.
Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskertza
Nafarroako Ikastoen Elkartetik eskerrak eman dizkiote Saretuz proiektuari: ” Diruaren beharra handia da Nafarroako ikastoletan eta biziki eskertzen dugu jasotako laguntza guztia, baina diruak bezain beste balio dauka gure ustez, jasotzen dugun indarra, elkartasuna eta hurbiltasunak. Dudarik gabe, aurrera jarraitzeko kemena ematen digu”.