Moriarti ekoiztetxearen lanari buruzko atzera begirako batek zabalduko du aurtengo film laburren erakustaldia

Gaur eguerdian aurkeztu dute XVII. Ikuska, Arizabalon
Gaur eguerdian aurkeztu dute Pasaiako udaletxean XVII. Ikuska. Aurtengo film laburren erakustaldia azaroaren 13an hasiko da, eta hilaren 21ean bukatu, sari banaketarekin.
Aurkezpenean, Pasaiako alkate Izaskun Gomez, eta kultura zinegotzia Miriam Canorekin batera, Trintxer elkarteko Pedro Etxaniz eta Kike Santiago, Laurak Bat elkarteko buru Jon Nuñez, Kunsthal eskolako Mariam Rubio eta Morioarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenaga eta Jorge Gil izan dira.
Izan ere, luxuzko zabaltze ekitaldia izango du aurten Ikusak.
Loreak filma ekoitzi duen Moriarti-ri aitortza egin nahi izan dio aurten erakustaldiak, film laburren lehiaketarekin aspalditik duten harremana eskertu asmoz. Trintxerpen du egoitza Moriarti-k, eta aspalditik kolaboratzen dute erakustaldiarekin. Gaurko aurkezpenean, esker ona adierazi diete Jose Mari Goenagak eta Jorge Gilek Ikuskako antolatzaileei, eta beren atzera begirakoaren ingurukoak azaldu dituzte. Iragarri dutenez, beren sei film labur proiektatuko dituzte Trintxerpeko alkateordetzan. Hautatu dituzten film laburren bidez beren lanaren bilakaera erakutsi nahi dutela argitu dute.
1000 film labur
Sustrai luzeak dituen erakustaldia da Ikuska, eta datuek hala berresten dute. Aurten 1000 lan jaso dituztela azaldu du erakustaldiaren zuzendari Pedro Etxanizek – lehenengo edizioan 80 jaso zituzten–, eta nabarmendu duenez, Tunisia, Turkia, Finlandia, edota Brasildik ere jaso dituzte film laburrak.
1999 urtean sortu zen Ikuska, pasaitar zinemazaleen eskutik. Urtetik urtero sendotzen joan den erakustaldia, aurten, XVII. aldia du.