Legealdiaren lehen ehun egunetan gobernu taldeak esandakoarekin bat ez datorren kudeaketa agerian utzi duela esan du Jose Angel Rodriguezek.

Jose Angel Rodriguez Errenteriako PSE-EEko bozeramailea.
ErrenteriakoUdaleko gobernu berriak ehun egun igarota balorazioa egin zuen iraila amaieran. Horren harira, aldaketarik ez dela izan ehun egun horietan esan du Jose Angel Rodriguez alderdi sozialistaren bozeramaileak, eta kultura eta sorkuntzak udalerriaren ekonomia eraldatuko duten zalantza azaldu du. Legealdiaren lehen ehun egunetan gobernu taldeak esandakoarekin bat ez datorren kudeaketa agerian utzi duela gaineratu du Rodriguezek: “Bere garaian salatu genuen Madalen jaien politizazioa egin du gobernu taldeak, eta Errenteriaren ordez Orereta izena sustatzen du aukera duen bakoitzean”.
Arazoak bere horretan jarraitzen dutela esan du, “udalerria desatsegin eta zikina egiten duten pankarta erreibindikatiboezkin josita jarraitzen dute kaleek, bidegorrietan, oinezkoen pasabideetan edota kale askoren zolatzean mantenu egokirik ez da egiten, hiri altzarien mantenu egokirik ez da egiten, eta gune batzuetan zakarontziek hirugarren mundukoak dirudite”.
Gizarte laguntzak ugaritu
Aparkalekuak eta garbiketa “eskasak” direla gaineratu du Rodriguezek. Halaber, gizarte laguntzak ugaritu beharko liratekeela esan du alderdi sozialistaren bozeramaileak, “haurren txirotasunari aurre egiteko neurriak hartu behar dira, eta baita lana sustatzeko anbizio handiko plangintzak diseinatu ere”.