Oiartzungo neskek Zubietan jokatuko dute etzi, liderrarekin puntutan berdinduta dagoen Realaren etxean.

OKEko neskak artxiboko irudian
Ezohiko mugimendua nabari da egunotan Zubietako instalazioetan, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, Lehen Mailan dagoenetik aurreneko derbi gipuzkoarra jokatuko du etzi Realaren emakumeen taldeak, Oiartzunen kontra, 11:30ean. Aurreneko aldiz lurraldeko bi talde ariko dira aurrez aurre maila goreneko partida ofizial batean. Horregatik, jokoan hiru puntu izan arren, festa handia izatea espero da.
Une gozoan iritsi dira bi ordezkari gipuzkoarrak derbira. Bost partida jokatuta, Realak hamahiru puntu ditu —lau garaipen eta berdinketa bat—, eta Bartzelona, Athletic eta Atletico Madril taldeekin lehen postuan berdinduta dago. Aldaketa batzuk izan dira udan taldean, baina inork gutxik espero zuen hain liga hasiera ona edukitzea.
Baina oiartzuarrek ez dute meritu gutxiago, maila goreneko estreinaldian taularen erdialdean kokatu baitira, zazpi punturekin, bi partida irabazi eta beste bat berdindu eta gero. Galdutako bi partidetan berdinketa gertu izan du OKEk.
Gauzak horrela, ez dirudi ez talde batek ez besteak premiazkoak dituztenik igandeko hiru puntuak, ez bada amesten jarraitzeko. Baina, derbia bera oroitzapenen motxilan gordetzeko nahikoa arrazoi izanagatik, edozein futbolarik irabazi nahi dituen partida horietako bat da. Hortaz, harmailetan berotasuna espero den bezala, lehiakortasuna izango da nagusi zelaian, eta orain arte bi taldeek erakutsitakoari erreparatuz, ikusgarria izan daiteke lehia, gainera.
Realean ere, eskualdekoak
Oiartzungo taldeko kideentzat bezala, gogoratzeko eguna izango da Realean jokatzen duten Oarsoaldeko eta Bidasoko jokalarientzat. Lau dira guztira: Mariasun Quiñones hondarribiarra, Sandra Ramajo eta Leire Baños irundarrak eta Titay Calvo errenteriarra.