Ondasun Higiezinen Zergaren errekargua bertan behera uztea, eta ibilgailuen gaineko zerga, zabor tasa, eta polikiroldegiak erabiltzeko ordaindu beharreko tasa izoztea eskatu du EAJ-k

Maite Peña EAJko bozeramailea
Zergak igotzearen kontra egin du EAJk, eta horren harira udal gobernuak 2016 urterako aurkeztu duen ordenantza fiskalen gainean hainbat aldaketa egitea proposatu duela jakinarazi du. Jeltzaleen hitzetan, “errenteriarrek gehiago odaindu beharko dute hainbat baliabide modu desegokian kudeatu direlako, eta gobernu taldeak beste irtenbide batzuk aztertu ordez, biderik errazena hartu du, zergak igotzea. Ondorioz, herritarren presio fiskala areagotu egingo da”.
Zergak igo ordez, “neurri positiboak” sustatu behar direla gaineratu du EAJk, “horregatik, zergen erabateko izoztea proposatu dugu”. Ondasun Higiezinen Zerga, OHZren errekargua bertan behera uztea, eta ibilgailuen gaineko zerga, zabor tasa, eta polikiroldegiak erabiltzeko ordaindu beharreko tasa izoztea eskatu du horren harira, alderdi jeltzaileak. Etxe hutsen gainean errekargua ezarrita, horien jabeek alokairu merkatura ateratzea ez dela lortuko esan du, bestalde, eta horregatik, formula berriak aztertzeko eskatu dio udal gobernuari.
Bosgarren edukiontzia
Bosgarren edukiontzia erabiltzen duten herritarrei hobaria ematearen alde azaldu da azkenik EAJ, “baina ez horren erabilera sustatzeko kontrola erabiltzearekin. Sistemak arrakasta izan dezan, kontzientziazio eta pedagogian sisnisten dugu, horri esker lortuko baita errenteriarrek gaiarekiko duten sentsibilizazioa areagotzea eta kontrolik gabe, euren borondatez, organikoa sailkatzea”