Azken hiru hamarkadetan gazte asanbladako kide izan diren guztiei luzatu diete jaira biltzeko gonbidapena
Talde argazkia, XXV. urteurrenaren ospakizunean
Azaroaren 7an ospatuko du Antxoko gaztetxeak XXX. urteurrena, egun osoko festarekin. Egitarau zabala atondu dute gazteek, gazte asanbladako kide izan diren belaunaldi guztiak erakarri nahian, eta guztiei luzatu diete festara biltzeko gonbidapena.
Gazteek gogoratu dutenez, azken 30 urtean belaunaldi ugari pasatu dira Axular plazako gaztetxetik, baina beti ere, “eredu alternatiboa eraiki” asmoz. “Gazte kontziente eta aktiboak izaten ahalegindu gara”, azaldu dute. Bizitako eta konpartitutako guztiak errepasatu nahi dituzte azaroaren 7rako antolatutako jaian.
Bazkaria Ibaiondon
Egun osoko jaia antolatu dute, eta tartean jolasak, ekitaldia, kantaldia eta baita rock kontzertuak ere izango direla iragarri dute. Festaren ardatz, Ibaiondo pilotalekuan izango den herri bazkaria izango da. Horregatik, txartelak salgai jarri dituzte jada, 15 euroan, Dani, Kamio, Mimos, Izadi eta Leunda tabernetan. Menu beganoa ere jarriko dute aukeran, eta kasu horretan txartelak Leunda tabernan eskura daitezke.
Txartelen erosketa azken egunetarako ez uzteko eskatu dute antolatzaileek “ahalik eta azkarren jakin nahi” dutelako zenbat pertsona izango diren bazkarian. Era berean, bazkarira edalontzi
berrerabilgarriak eramateko eskatu dute.
Egitaraua
11:00: Jolasak zumardian
13:00: ekitaldia zumardian.
14:30: Bazkaria Ibaiondo frontoian. Ondoren kantaldia.
Jarraian; Pasai txaranga herrian zehar.
22:00: rock kontzertuak Ibaiondon: Los zopilotes txirriaos, altxatu eta tximeleta plaza taldea. Ondoren DJ txorimalo.