Errimaz errimako bidea
Oarso Bidasoko bost ordezkari izango dira aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan
Galderak: 1. Nolakoa izaten ari da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa? 2. Nola ari zara prestatzen txapelketa? 3. Zein helburu izango duzu eta noraino iristea espero duzu?
Alaia Martin
«Adierazteko gogoz nago; hori bertsotan ahalik eta garbien islatzea nahi dut»1. Txapelketa polita doa, esperotako erritmoan. Orain estutzen joango gara gure artean. 2. Urtarriletik txipa txapelketan eduki dut, nire egunerotasunaren ardatza dela esango nuke. Ohikoa bada jarrera kritiko bat edukitzea eta arreta jartzea, txapelketan hori areagotu egiten da. Bestetik, saiatzen naiz errimategia lantzen. Gero gustatzen zait bai bizitzan eta baita bertsotan ere inspiratzen nauten gauzak egitea eta inspiratzen nauen jendearekin egotea; burua elikatzea. Horrez gain, bertso eskolak ere astean bitan egiten ari gara, egingo ditugun ariketa horiek lantzeko. 3. Duela lau urte bezala finalera berriro iristea nahiko nuke, pausoz pauso. Egun oso berezia eta gogoangarria izan zen finalekoa, eta berriro disfrutatu nahiko nuke. Adierazteko gogoz nago, eta adierazi nahi dudan hori bertsotan ahalik eta garbien islatzea. Ideia eta kanporatzen dudana ahalik eta bikienak izatea.
Ander Lizarralde
«Ilusioa egingo lidake Euskal Herriko lehiarako sailkatzeak»1. Lehenengo fasean, tentsio handia izan nuen arren, nahikoa disfrutatu nuen, eta final zortzirenetan sentsazioa eduki nuen nahiko kikildua atera nintzela plazara. 2. Hiru modutara: bertso eskolara joan eta bertso lagunekin abestuz; etxean, bertsoak idazten eta mekanismo batzuk garatzen gero inprobisatu behar denean bertsoa ateratzeko; eta alderdi emozionala ere saiatzen naiz lantzen. Txapelketan erabakiorrena dela iruditzen zait hori: ez badituzu emozioak detektatu, kontrolatu eta bizi izan, ez du balio. 3. Sekula ez dut Euskal Herriko Txapelketan parte hartu, beti ateetan geratu izan naiz, eta ilusioa egingo lidake. Baina nik nahiko nukeena da bertso bakoitza disfrutatzen saiatu, ofizio bakoitza esprimitu eta ahalik eta hoberen egiten saiatu. Helburu hori lortuko banu, gero besteak etorriko dira. Ondo kantatzen duena pasatu egiten da.
Arkaitz Oiartzabal Xamoa
«Oraindik atera ez zaidan saioa ateratzea nahi dut hurrengo faseetan»1. Luzea izaten ari da. Hala ere, emandako mailarekin disgustura ez nago, baina ez zait tokatu saiorik guztiz pozik geratu naizenik. Emaitzak oso onak izan dira, baina sentsazio aldetik falta zait bertso saio hori aurkitzea. 2. Bertso eskola oinarria da, eta geroz eta garrantzia gehiago du norberak aparte egiten duen lanak. Nire kasuan, kantatzeaz gain, bilatzen ditut eragin desberdinak: pelikula bat, liburu bat, edo askotariko eraginak sortzen dizkidaten pertsonak. 3. Hurrengo helburuak finalerdietara iristea izan behar du. Nire kasuan finalerdietako saio horretan kantatzea litzateke, baita atera ez den saio hori egiten saiatzea ere. Horrek emango didan final batera sartzeko? Agian. Epaileek erabakiko dute.
Manu Goiogana
«Oraingoz, final erdietara pasatzea gustatuko litzaidake»1. Nire saioak kenduta ez dut asko jarraitu txapelketa. Saiatzen naiz txapelketa dosifikatzen ez gogaitzeko. Maiatzean hasi zen niretzat txapelketa. Lehen saioan oso pozik geratu nintzen, bigarrenean oso sentsazio txarrak izan nituen, eta oraingoan, final zortzirenetako saioan, gustura. Azken saioa ez zen erabat biribila izan, baina egoera kontrolatzeko gai izan nintzen. 2. Ordu asko sartuta. Txapelketa prestatzen otsailean hasi nintzen, baina etxeko lanak egiten lehenagotik. Maiz koadernoa hartu eta errimategia lantzen dugu, gogoetak idatzi… Bakarrik egiten den lanaz aparte, astean bitan elkartzen gara kantatzeko. 3. Finalerdietara iritsi nahiko nuke, oraingoz. Final-laurdenetara joango naiz nire saioa egitera, eta gustura geratzen banaiz finalerdietara pasatzeko helburua gertu egongo da. Nire saioarekin gustura geratzera irtengo naiz, eta ez banaiz pasatzen, horrekin geratuko naiz.
Jon Martin
«Azkeneko txapelketan baino erregularrago izan nahiko nuke»1. Txapelketaren mailari dagokionez, sailkapen fasean oso bertsoaldi onak ikusi genituen, eta final zortzirenetan batzuk esperotako baino maila baxuagoa egon da. Kontuan hartu behar da jende gehienarentzat fase ezerosoa dela, pasatu egin behar delako. 2. Hainbat bertsolari elkartzen gara Zamalbiden, eta elkarrekin kantatzen dugu. Horretaz aparte, normalean baino gehiago irakurtzen dugu, pelikulak ikusi… 3. Ahalik eta ondoen pasatzea eta bertso mailara ahalik eta gehien hurbiltzea. Azkeneko txapelketan, Euskal Herrikoan, baino erregularrago izan nahiko nuke ere. Bertsolari guztiek presioa sentitzen dugu, eta nire kasuan iraganak harrapatuta nago. Alegia, oso gazte iritsi nintzen Gipuzkoako finalera, eta urtero iritsi naiz finalera. Estatistiken arabera, finalean egon beharko nuke, baina ez lidake harrituko ere kanpo geratzea. Finalerdiak ere izan daiteke beste helburu bat, Euskal Herriko Txapelketan egoteko eskubidea ematen duelako, baina zalantzan dut beste txapelketa batean parte hartuko ote dudan.