Eskola Agenda 21en barruan egindakoak eta bidean gelditutakoak azaldu dizkie gau Julen Mendoza alkateak herriko ikasleei.
Mendoza, azalpenak ematen ikasleei
Maiatzean, aurreko ikasturtean Eskola Agenda 21n barruan egindakoak azaldu zizkioten Julen Mendoza alkateari Errenteria-Oreretako ikastetxeetako kideek: elikadura jasangarriaren gaia landu zuten 2014/15 sasoian ikastetxeek. Hori bakarrik ez, udalari hainbat konpromiso hartzeko eskatu zizkioten. Alkateari gaur erantzunak emateko eguna iritsi zaio, kontrol saioa izan du, gazteen eskutik, ea konpromiso horiek udalak bete dituen jakiteko.
Denak ez. Zintzoa izan da Mendoza. Ikasleek elikadura jasangarriaren gainean udalari eskatutakoak ez dira bete osotasunean. Eremu politiko gordinean batzurentzat zintzotasun ariketa litzateke gaur alkateak egin duena, hau da, konpromiso guztiak ez direla bete onartzea; beste batzurentzat, berriz, gestio txarraren adibide litzateke. Baina gaur ez zituen aurrean gainerako alderdi politikoetako zinegotziak gobernu taldearen buruak, herriko ikastetxeetako ordezkaritza zabala baizik, ikasle zein irakasleena. Edonola ere, maiatzean jasotako eskaeren gehienak bere egin ditu udalak. Publikoak, bete direnen nahiz ez direnen gaineko gogoeta sakonegirik ez du egin. Notarekin pasatu du alkateak, hortaz, gaurko
trantzea. Emaitza: zazpitik lau konpromiso beteak, “ari gara” bat, eta bi “ez dugu ezer egin”. Balekoa.
Azalpenak
Ikasleen maiatzeko eskaeretako bat zen ea udalak zer egin duen edozein tokitan sortzen diren elikaduratik eratorritako hondakin organikoak bereizi eta konpostatzeko bidean. Alkateak erantzun du bosgarren edukiontzia jarri dela herrian, eta horrez gain, konpostatzeko guneak badaudela. Ikasleren batek esan du bere inguruko edukiontzi marroia ez dabilela ondo; alkatearen erantzuna izan da ea ba ote dakiten ondo erabiltzen txartel bidezko edukiontzia, eta gehiago, ea erabiltzen ote duten; «nire amonak bai», erantzun du beste ikasle batek. Oro har, ikasle guztiek bazekiten organikoak biltzeko sistema hori badagoela herrian, eta nola erabiltzen den. Alkateak iradoki die organikoa biltzeko edukiontzia erabiltzeko ikasleei.
Beste eskaeretako bat zen herritarrak sentsibilizatzea herrian ekoitzitako elikagaien inguruan. Alkateak lezioa ondo ikasita zuen, eta erantzun azkarra eman du, esanaz, besteak beste, aurten lehenengoz egin dela herriko produktu ekologikoen azoka, eta aurreko asteburuan
Landalur Azoka, hamaikagarrenez.
Horrela, beste bost galdera, eta beste hainbat erantzun. Erantzun batzuk mamitsuak, besteak, erantzunik gabekoak.
Hurrengo urtean beste hainbeste egingo dutela adierazi dute ikasleek, beste gai batekin, baina aurrekoarekin lotura duena:
Elikadura eta hondakinak. Izango dute lana gaztetxoek.