Antzokietan barre egiteko aukera, bigarrenez, asteburuan
Ostiralean, larunbatean, eta igandean izango dira Pasaian antzezlanak, 34. Umorezko Antzerki Jardunaldien barruan
Ostiralean (hilak 23), 20:30ean, La líquida konpaniak ardoari egingo dion omenaldiarekin itzuliko dira 34. Umorezko Antzerki jardunaldiak Pasaiara. Trintxerpeko alkateordetzan taularatuko dute lana, “ezustekoz betetako show-a”. Postre moduan, Topo antzerki talde pasaitarrak bere azken sormen lana aurkeztuko du.
Larunbatean (hilak 24), berriz, Pasai Antxoko Kultur etxean, 22:30ean, Cabaret barregarri bat ikusteko aukera izango da, Maxi Mendia eta Natalia Calderonen eskutik. Musikaz zuzenean gozatzeko aukera izango da. “Umorea eta sentimen handia uztartzen dituen antzezlana” agindu dute antolatzaileek.
San Pedron bukatuko dira umorezko antzerki jardunaldiak, igandean, hilaren 25ean, Txalo konpainiaren Datorren urtean hobeto antzezlanarekin. 20:00etatik aurrera, hiru emakume euskaldunek gorpuztutako antzezlana aurkeztuko du Txalo konpainiak.
