Tasak izoztea eskatu du PSE-EE-k "bizilagunen kontsumoa berreskuratzeko"
PSE-EEren proposamen hori hilaren 27ko plenoan aztertuko dutela jakinarazi du Jose Angel Rodriguez alderdi sozialistaren bozeramaileak
Kontsumoa eta barne eskaera suspertzeko, 2016ko tasa eta zergak izoztea eskatu du alderdi sozialistak. Horrekin batera, hobari berriak proposatu ditu familia eta ekintzaileei begira. PSE-EEren proposamen hori hilaren 27ko plenoan aztertuko dutela jakinarazi du Jose Angel Rodriguez alderdi sozialistaren bozeramaileak, eta “gaizki pasatzen ari direnekin pentsatuta” egindako proposamena dela alderdi sozialistarena gaineratu du: “Errekurtso gutxien duten bizilagunei begirako neurria da proposatu duguna. Ez dugu nahi zergadunari presio fiskala areagotzea “.
Udalak ekonomia suspertzea ezinbestekoa da Rodriguezentzat, eta horren harira EH Bildu eta Errenteria Irabaziz taldeek osatutako udal gobernuari kudeaketa ekonomiko arduratsua egiteko eskatu die: “Ordenantza fiskalak justuagoak izan behar dute eta herritarrari egokitu behar zaizkio. Gobernu taldeak ez du gaitasunik bitartekoak lortzeko eta hori zergak eta presio fiskala igota estali nahi du”.