Luizi batek eragin du San Pedroko puntetako pasealekuaren itxiera, udalak segurtasuna lehenestea erabaki duelako

Luizi baten ondorioz itxi egin dute Torreatze
Joan den irailaren 29an gertatutako luizi baten ondorioz, Pasaiako Udalak Torreatze pasealekua ixtea erabaki du. Udalak azaldu duenez, luizia gertatu bezain laster Ikerlur Geologia eta Geotecnia Estudioari eskatu zion premiazko txostena egiteko, luizia gertatu zen mendi-hegalaren egonkortasuna ezagutze aldera –zehazki, Kalparra eraikinaren eta 10. zenbakiko eraikinaren artean-. Ikerlurrek egindako lehen txostenean oinarrituta, oinezkoen pasabidea debekatu egin zuen udalak, “segurtasuna bermatzearren”.
Ordutik azterlan zehatzagoa egin du enpresa berberak kaltetutako inguruan, eta atzo entregatu zizkion udalari ikerketaren emaitzak. Horretan oinarrituta erabaki dute pasealekua itxita mantentzea.
Udalak azaldu duenez, bi lerroren arabera ari dira lanean: “Batetik, bidea irekitzeko modua egiten oinezkoen segurtasuna bermaturik, eta bestetik, mendi- hegalaren jabeekin harremanetan, mendi- hegala finkatzeko behar diren egonkortze lanak egitearren”.
Horrenbestez, pasabide seguru bat prestatzeari ekin diotela aurreratu dute, eta horretarako luizietatik babesteko horma prefabrikatu bat instalatuko dutela iragarri, “behin-behineko neurri” gisa. Aurrerago, baina, egonkortze lanak egin beharko dituzte, eta lan horiek luze jo dezaketela ohartarazi dute, “horiek egiteko leku zailetara iritsi behar denez gero”.
Gauzak honela, itxierak sor ditzakeen trabak ulertu eta eremu horretatik ibiltzeko debekua errespeta dezaten eskatu die udalak herritarrei.