Mitxelenak 66 zinema kritika idatzi zituen Egan aldizkarian 1954 eta 1961. urtean.
Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta idazle ezagunaren hain ezaguna ez den alderdia ezagutarazi nahi dute bere jaiotzaren 100. urteurrenean, eta horren harira,
Mitxelenarena zikloa antolatu dute. Oso gustuko zuen Mitxelenak zinema, eta mundu horretan ere aritu zen, Egan aldizkariaren bidez zinema kritikak idazten. Alderdi hori berreskuratu eta ezagutarazi nahi dute orain zikloaren bidez Errenteriako Udalak eta Euskadiko Filmategiak.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Mitxelenaren omenez antolatuta astelehenean hasiko den zikloa Garazi Lopez de Etxezarreta Euskara eta Berdintasun zinegotziak, Elixabete Perez Galdos Koldo Mitxelenaren gainean adituak, Joxean Ruiz de Azua Oarsoaldea aldizkariko kolaboratzailea eta zikloaren koordinatzaileak, eta Txema Muñoz Kimuakeko zuzendariak. Lopez de Etxezarretak azaldu duenez, Mitxelenak idatzitako kritiketaken artetik hiiru film eta bi film labur aukeratu dituzte zikloaren lehen aldia osatze aldera: “Niessen kulturgunean hasiko dugunak segida izango du gainera otsaila edo martxoan Tabakaleraren eraikinean Euskadiko Filmategiaren eskutik. Mitxelenaren beste begirada bat izango dugu”.
66 pelikulen kritikak
Joxean Ruiz de Azuak aukeratutako filmak maisu lanak direla zehaztu du eta egitarau anitza gelditu dela azkenean: “Suedia, Italia, Fantzia, Espainia eta Japoniako filmak daude”. Horri filmak aurkezten egongo diren adituen maila gaineratu dio Ruiz de Azuak. “Jose lUis Rebordinos, Juanmi Gutierrez, Txema Muñoz eta Elixabete Perez Gaztelu ariko dira eta eskertzekoa da benetan erakutsi duten prestotasuna”.
Mitxelenak 66 zinema kritika idatzi zituen Egan aldizkarian 1954 eta 1961. urtean.
Zinema kritikan ere, aitzindari
Koldo Mitxelena batez ere bere lan zientifikoarekin lotzen duela jendeak esan du bere aldetik Perez Gaztelu adituak, “filologia eta hizkuntzalaritzarekin lotzen da Mitxelena batez ere, baina badu beste alderdi bat, Mitxelena kritikagilea”. Egan aldizkarian zinema kritikak idazten hasi zenean ez zirela hainbeste urte gerra bukatu zela, ezta Mitxelena bera kartzelatik atera zela esan du Perez Gazteluk, “garai ihar eta triste hartan ekin zion zinema kritika egieari Euskal Herrian eta euskaraz”. Nabarmentzekoa da hori Perez Gaztelurentzat eta Mitxelena ausarta izan zela gaineratu du, baita aitzindaria ere, “zinemaz hitz egiteko batere terminologiarik ez zegoelako garai hartan, esateko modurik ez zegoen garaian sistematikoki egin zituen kritikak”.
Honako zikloaz gain, Oarso aldizkariarekin batera gehigarria argitaratu du udalak eta Saretuz proiektuak ere egin zuen ekitaldia Koldo Mitxelenaren 100. urteurrenaren harira.
Laurek errenteriar guztiak animatu dituzte parte hartzera zikloan: “Garai bateko film onak ikusi reta hizketalditxoa egiteko aukera izango dugu, dohainik”.
Mitxelenarena Zikloaren egitaraua
- Hilak 26, astelehena, 19:00etan: El séptimo sello Jose Luis Rebordinosek aurkeztuta.
- Hilak 28, asteazkena, 19:00etan: El globo rojo eta La edad del silencio film laburrak Txema Muñozek aurkeztuta.
- Azaroak 2, astelehena, 19:00etan: Las noches de cabiria Juanmi Gutierrezek aurkeztuta.
- Azaroak 4, asteazkena, 19:00etan: Rashomon Elixabete Perez gazteluk aurkeztuta.