'Birziklatu zalantzarik gabe' izenburupean, birziklatzeko informazioa eta edukiontzi marroiarentzako giltzak banatuko dituzte
Edukiontzi marroiak jarriko dituzte Pasaian
Asteartetik aurrera hondakinak edukiontzietara jaisteko aukera izango dute Trintxerpen eta San Pedron. Egun horretan hasiko dira atez atekoa ordezkatzen, eta egun berean jarriko du martxan udalak
birziklatu zalantzarik gabe izeneko kanpaina.
“Hitz-joko horrekin Pasaiako Udalak informazio-kanpaina bat jarriko du abian, hondakinen birziklatzea sustatzeko, eta herritarrei hondakin organikoa bereizteak duen garrantziaz ohartarazteko”, azaldu dute.
Horrez gain, hondakinak bereizteko garaian sor daitezken zalantzak argitzeko, etxe guztietara liburuxka bat helaraziko dutela iragarri dute, “udalerriko kaleetan jarriko diren bost edukiontzi horietako bakoitzean zer hondakin bota behar den argi eta erraz azaltzeko”.
Giltzen banaketa
Liburuxkarekin batera, txartel bat jasoko dute herritarrek beren postontzietan, hondakin organikoen edukiontzi marroia erabili nahi izatekotan, giltza non eta noiz jaso behar duten zehaztuta.
Edonola ere, eta edukiontziak barrutietan txandaka jarriko dituztenez, giltzen banaketa hurrenkera berean egingo dela ohartarazi dute, hau da, lehenbizi San Pedron eta Trintxerpen, ondoren, Antxon, eta azkenik Donibanen. Informazio guztia, hala ere,
udalaren webgunean egongo da eskuragarri.
Birziklatzeko deia
Udalak herritarrak animatu nahi ditu, giltzak jaso eta edukiontzi marroia erabiltzen. “Herritarrei eskatzen diegu, gure udalerrian berriz ere edukiontzien sistema ezarri ondoren, erakuts dezaten birziklatzeko borondatea eta erabakia ez dagoela lotuta bilketa-sistema baten inposizioarekin, herritar guztien eta udalaren erantzukizun eta konpromiso partekatuarekin baizik”.