Behar gehiena daukatenentzako gosariak eta askariak jasotzen ari da Gurutze Gorria, gaur, Oiartzungo eta Irungo Alcampon.

Gurutze Gorriko boluntarioak janaria antolatzen
Behar gehiena daukatenentzako gosariak eta askariak jasotzen ari da Gurutze Gorria, gaur, Alcampon; bai Oiartzunen eta baita Irunen ere. Goiz-goizetik hainbat boluntario informazio orriak eta poltsak banatzen ari dira erosketak egitera joan direnei.
Informazio orrian ikus daiteke zein elikagai ari diren jasotzen: esnea (osoa edoerdi gaingabetua), zukua, kakao hautsa, zerealak, galletak, bizkotxoak, gazta, txokolatea, marmelada eta olioa, besteak beste.
Oiartzungo Alcampon asko izan dira hutsik zeuden poltsak beteta utzi dituztenak, Gurutze Gorriaren mahaian. Eguerdirako 16 palet jaso dituzte, eta eguna bukatzerako, bikoiztea espero dute. Hamazazpi boluntario egongo dira egun osoan zehar (22:00ak arte); batzuk informazio orriak banatzen, besteak jendeak emandako jakiak sailkatzen.
Jose Antonio Fernandez Errenteria-Oreretako Gurutze Gorriko presidenteak eskertu egin du herritarren borondatea, eta euren kanpainak harrera ona izaten ari direla gaineratu du. “Jendeak kontzientzia hartu du ezin dela dena administrazioaren esku utzi”, adierazi du Fernandezek. Hain zuzen, oraindik behar gehiena dutenei gehien laguntzen dietenak euren senideak direla esan du.
Gaur jasotako elikagaiak biltegi batera eramango dituzte, eta hor sailkatu ostean, behar gehiena dutenen zerrendako familiei banatuko dizkiete. Zerrenda horretan egoteko Gurutze Gorriko egoitzatik pasatu behar da.