Enplegu Zentro Berezien erregistroari buruzko mozioa aurkeztu eta eztabaidatuko dute. Arraztalo Elkarteak bilkura horretan egoteko gonbidapena jaso du.
Arraztaloren banaketa
Eusko Legebiltzarreko Ohiko Osoko Bilkura izango da bihar, eta, besteak beste, Enplegu Zentro Berezien erregistroari buruzko
mozioa aurkeztu eta eztabaidatuko dute. Arraztalo Elkarteak bilkura horretan egoteko gonbidapena jaso du eta bihar Legebiltzarrean egotea erabaki du. Elkarteko kideez gain, langileak eta beste hainbat herritar ere izango dira biltzarrean.
“Elkartearen helburuetako bat Enplegu Zentro Berezia sortzea da. Enpresa mota bat da eta ezintasuna duten pertsonentzat lanpostuak sortzeko erraztasunak ematen ditu. Hau da, gaixotasun psikikoa duten pertsonak lan munduan integratzeko ahalmen handiko tresna bat da”, adierazi du Arraztalo Elkarteak. Gaur gaurkoz ezin da Enplegu Zentro Berezi berririk sortu, Eusko Jaurlaritzak horretarako beharrezkoa den erregistrorik ez duelako: “Berez hau Lanbidek kudeatu behar du erregistroa, baina enplegu politika aktiboen eskumenak Euskal Autonomia Erkidegora pasatu zirenean zintzilik gelditu zen”.