Halloweenen kutsu kontsumistatik aldentzeko saiakerak ugaltzen ari dira. Oiartzunen, bihar, Gau Beltza gaurkotuko dute bigarren urtez.
Halloween festaren kutsu kontsumista eta arrotzatik aldentzeko saiakerak ugaltzen ari dira eskualdean. Oiartzunen, bihar, euskal ohitura zaharra gaurkotuko dute bigarren urtez.
Oiartzunen heriotzarik eta odolik gabeko festa nahi dute, eta hala egin dituzte mozorroak
Azkar hedatu da Halloween festa gurean, urte gutxiko kontua izan da. Hori horrela, eta oraindik hazten ari den fenomenoa den arren, dagoeneko bada horren aurka azaldu denik. Helloween festaren zabaltze bortitzak ekarri du Arimen Gaua ospatzeko modu horren aurkako kezka bat. Seme-alabak haurtzaroan eta nerabezaroan dituzten gurasoak dira gaiarekin gehien kezkatuta daudenak.
Jaime Altuna hezitzaile hondarribiarraren arabera, gurasoek kultur adierazpide arrotz gisa hartzen dute Halloween, tokiko kulturaren kontra doana: «Heldu askok, ohitura berri hauek ez dituzte begi onez ikusten eta deserosotasuna eta kritika giroa nabari da data horiek hurbiltzerakoan. Halloween kultura industriaren asmakizun eta amerikar ohitura gisa hartzen da, eta guraso askok bertako ohitura eta kulturaren aurkakoa dela uste dute».
Gaia lantzen hasi baino ez du egin Altunak, baina aztertu duenetik ondorioztatu du garai batean Euskal Herrian Domu Santu Egunaren bezpera ospatzen zela: «Itxuraz, urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen duela hamarkada batzuk. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske-errondak egiten ziren, neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala».
Oier Araolaza eibartar kazetariak ikertu du gehien Euskal Herrian Domu Santu Egunaren bezperan egiten zenaz, eta Araolazaren lana da hain zuzen ere Altunak jaso duen iturrietako bat. Besteak beste, Arimen Gaua «neguko festen zikloaren beste aldaera bat baino ez» zela dio eibartarrak: «Ospakizun hauek guztien ezaugarri nagusia etxez etxeko erronda da».
Ahotsak proiektuak ere testigantzak jaso izan ditu hainbat herritan, baina ez du argitu ohitura galtzearen arrazoia, hurrengo belaunaldiek ohitura horren berri ez jasotzearen zergaitia. Are gehiago, esan daiteke AEBetik iritsi den Halloween festa kontsumistari zor zaizkiola garai bateko euskal ohitura pizteko saiakerak, hala nola, Arimen Gaua (Elgeta), Gaba Beltza (Mutriku), edo Oiartzunen iaz lehenbizikoz prestatu zuten Gau Beltza.
Jatorri zeltiarra
Nora Barroso blogari errenteriarrak ere aipatu izan du Araolazaren ikerketa Argia astekarian duen tartean. Arimen Gauaren jatorria zeltiarra dela idatzi du Barrosok, eta Euskal Herrian XX. mende hasieran ohitura hedatua zegoela, baina bat-batean galdu egin zela. «Usadio bakoitzak bere abiapuntua dauka. Garaiko gizarteak markatutako lerroek ohitura hori gauzatzeko modua definitzeko boterea dauka, askotan, jatorria altxor misteriotsua bilakatzeraino». Iaz idatzi zuen Barrosok gaiaren gainean, Oiartzungo
Abaraxkak Gau Beltza egiteko asmoa zuela jakin zuenean.
Oiartzungo baserrietan galdetu eta gero eman zioten forma Gau Beltzari. Oiartzunen festarik ez omen zuten urriaren 31n egiten, baina kalabazak hustu eta beldurra sortzeko kandelak barruan piztu, hori bai egiten zuten, eta neguko fruituak jan. Abaraxka Udal Ludotekaren arduradun Nekane Martiarena aritu zen ikertzen, eta ohitura XX. mendearen lehen erdian galdu zela jazo zuen.
Oiartzungo haurrak, Gau Beltzan ateratzeko prest
Iaz egin zuten lehen aldiz Gau Beltza, eta arrakasta ikusita, aurten errepikatuko dute. Bihar, 20:30ean elkartuko dira oiartzuarrak Kontzejupe plazan, etxetik eramandakoak afaldu eta gaztaina erreak jateko. Mozorrotuta joango dira denak, azken asteetan arropa zaharrekin, oihalekin, eta abarrekin prestatu dituzten jantziekin. Gerorako, txangoa prestatu dute Abaraxkakoek, ezustekoz beteriko ibilbidea. Beldurgarria izango dela esan du Martiarenak, «baina odolik eta heriotzaren irudirik gabea», izutzeko modukoa, baina garai batean bezalakoa.
Gazteen ekarpena herriari
Telebista jarri, irratia entzun, supermerkatura sartu… Halloween nola ospatu ez dakienari etorriko zaizkio hainbat gonbite handik eta hemendik, gutxiago ala gehiago gastatuta. Baina badira bestelako aukerak, geroz eta gehiago dira Arimen Gaua beste modu batera ospatzeko elkartzen direnak, euskal jatorriari keinu eginez Oiartzunen bezala, edo besterik gabe, Domu Santu Egunaren bezpera beldurgarria egiteko ospakizun originalak, irudipenetik eta lankidetzatik abiatutakoak.
Errenteria-Oreretako Gabierrota eta Beraungo gaztelekuek urteak daramate zurrunbilo komertzialetik at urriaren 31ri lotutako ekitaldiak antolatzen. Irudimena erabiliz eta lankidetza oinarritzat hartuz, aurreko urteetan beldurraren pasabideak prestatu izan dituzte eta ateak ireki ausartzen direnentzat —12 urtetik aurrera—. Aurten ere antolatu dute Izuaren Etxea, eta udal ludoteka eta gaztelekuetako koordinatzailea Ibai Narbarteren iritziz, Arimen Gaua aitzakia polita da gazteak gustuko zerbaitetan busti daitezen: «Ekitaldi hauetan gazteen inplikazioa ezinbestekoa da, baina ez hori bakarrik, gazteek herriari ekarpen bat egitea da helburua». Eta lortzen ari dira, «iaz 250 lagun etorri zitzaizkigun ikustera», eta aurten asteak daramatzate biharko plana prestatzen. Narbartek erantsi duenez, hemezortzi gazte aritu dira buru- belarri zentroetako sei hezitzaileekin elkarlanean.
Beldurra eragitea ez da gauza erraza, eta bisitaria ezustean harrapatze aldera, urtero gaia aldatzen dute. Hala, duela hiru urte Faunoren labirintoa filmari lotutako atrezzo-a eta mozorroak prestatu zituzten, 2013an beldurrezko klasikoak hartu zituzten gaitzat, eta iaz eroetxe antzerako bat. Aurten ospitale bat muntatuko dute, «kutsatuta dagoen ospitalea», zehaztu du Narbartek. Beraungo lehengo gaztelekuan ospatuko dute bigarrenez Arimen Gaua; iazko azalera bikoiztuta. Ia 300 metro koadroko ibilbide beldurgarria izango da bi pisutan banatuta, 16:00etatik 20:00etara.
Hondarribiko Izuaren Etxea prestatzen
Hondarribiko
Saindua Udal Gaztelekua ere ospitalea izango da bihar, hau ere berezi samarra. Garai batean baserri izandako eraikinaren beheko solairuaren erdia ospitalez mozorrotuko dute, eta beste erdia kanposantua izango da. 12-18 urtekoek bisitatu dezakete bihar Hondarribiko Izuaren Etxea, 17:00etatik 20:30era. Hilabetea daramate prestatzen eta gaur muntatuko dute, Santa Maria Madalena arte tailerraren laguntzarekin. Iaz bezala, beldurrezko makillajea ere landu dute Santa Maria Madalenakoekin.
Irunen ere egiten dute Izuaren Etxearen moduko bat, Beldurraren Pasabidea. Santiagoko Deabruak kultur elkarteak antolatzen du, baina Arimen Gauarekin egin beharrean, azaroaren 7an egingo dute Ficoban. Hurbiltzen denak beldurrezko literatura nahiz zinema munduko pertsonai klasikoekin izutzeko aukera izango du. Lau orduko ikuskizuna da, 30 boluntarioz osatutako talde batek hilabeteetan prestatutakoa; aktoreak amateurrak dira denak, baina ez hasi berriak, hamargarren ekitaldia beteko baitu aurten Dunboako bidegorritik Ficobara jauzi egin duen ekitaldiak.
Iaz 2.000 bisitari izan zituen Irungo Beldurraren pasabideak, eta aurten ere ehunka izango dira Ficobara, Oiartzungo Gau Beltzara, eta Hondarribiko edota Errenteria-Oreretako Izuaren Etxeetara gaizki pasatzera hurbilduko direnak. Zerbait du beldurrak erakargarri egiten duena, eta produkzio propiokoa baldin bada, are eta gehiago.