Ertzaintzaren kuarteletik estali gabeko igerilekuetako tabernaren zubira arte doan bidegorri zatiari Miguel Hernandez izena jarri diote.
Miguel Hernandez pasealekua
Errenteria-Oreretako pasealeku lasai bat poesia doinuz bete da gaur goizean eta hemendik aurrera halaxe izango da. Ertzaintzaren kuarteletik estali gabeko igerilekuetako tabernaren zubira arte doan bidegorri zatiari Miguel Hernandez izena jarri diote, Orihuelan (Alacant, Herrialde Katalanak) jaio zen poeta eta errepublikanoaren izena. Goizean egin dute ekitaldia jende artean eta Joan Manuel Serraten musikaz giroturik.
Pikoketa Oarsoaldeko Elkarte Errepublikazaleko kide batek hartu hitza lehenik eta
herriaren poeta edo
poeta artzaina izenez ezaguna zen Hernandezen nondik norakoa izan ditu hizpide. Bere poesiek “pasioa” zabaltzen zutela nabarmendu du; gerraz hitz egiten zuten bere poemek, bakardadeaz… azken poemetan bere adioaz ere hitz egin zuen. “Askatasunaren kantorea zen, askatasuna, hitz grinatsua zein zorigaiztokoa”, esan du.
Hernandezen poema batzuk errezitatu eta gero eta herriko txistulariek
Xalbadorren heriotzean interpretatu ondoren, Julen Mendoza Errenteriako alkateak hartu du hitza. Hernandezek kale bat izatea joan den legegintzaldian aho batez hartutako erabakia izan zela gogorarazi du. “Kausa justu” batengatik hil zela esan du, kartzelan, eta argia eman nahi diotela nabarmendu du.
[nggallery id=148]