Hilaren 11 eta 12an Ramon Gaztelumendi, Ixiar Iñarra, Xabier Iragorri eta Joakin Izagirre oiartzuarrak epaituko dituzte Madrilen
Atxilotuak eta zitazioa jaso zuten herritarrak Oiartzunera iritsi ziren unea
Hilaren 11 eta 12an Ramon Gaztelumendi, Ixiar Iñarra, Xabier Iragorri eta Joakin Izagirre oiartzuarrak epaituko dituzte Madrilen. Babesa adierazteko hainbat mobilizazietara deitu dute: larunbat honetan, hilak 7, ekimena egingo dute Doneztebe plazan 12:30ean. Epaiketaren egunetan 20:00etan plazan bertan elkartu eta asanblea eta manifestazioa egingo dute.
Iazko ekainaren 3an izan ziren atxiloketak Oiartzunen. Atxiloketekin batera Aritxulegiko Gudarien Basoa ere desegin zuten guardia zibilek. Aritxulegiko Gudarien Basoarekin harremana zutelakoan atxilotu zituzten, Espainiako Gobernuaren arabera. Hainbat herritarri ere zitazioak banatu zizkioten eta egun horretan bertan, arratsaldean, deklaratzera pasa ziren.
Egun eta erdi Guardia Zibilaren, Intxaurrondon eta Madrilen esku izan ondoren, Pablo Ruz epailearen aurrean deklaratu zuten ekainaren 5eko arratsaldeko lehen orduan. Epaileak aske utzi zituen denak, karguekin. Gauean iritsi ziren Oiartzunera.