Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Hegalak astintzeko gogoz dabil hegaztia, baina inguruak ez du bidea ikusten uzten. «Onartezina da».
Hegazti hori Fenix hegazti bat da, Koldo Merino eskultoreak egina eta Larzabalgo biribilgunean zein egoeran dagoen ikustearekin atsekabetuta dagoena. Zuhaitzez inguraturik dago eta zaila da ikustea biribilgune horretan eskultura bat dagoenik.
Eskultura horrek bere istorioa du, Merinok berak kontatu du. Orain dela 27 urte inguru Gipuzkoako Foru Aldundiak lehiaketa mugatu bat atera zuen, «uste dut garai horretan Esther Larrañaga zela Kultura sailburua». Errenteria-Oreretako biribilgune batean zerbait egin nahi zuten, ez zekiten zer, baina «bete» egin nahi zuten, «gunea oso deprimituta zegoen». Sei eskultoreri deitu zieten lehiaketan parte hartzeko. Bakoitzak bere maketa aurkeztu zuen eta Merinori deitu zioten, berea aukeratu zutela biribilgunea betetzeko.
«Fenix hegazti bat aurkeztu nuen. Gaztetan Intxaurrondon bizitu nintzen eta igandetan Errenteriako dantzaldira joaten ginen. Garai hartan ezagutu nuen Errenteria oso aberatsa zen, jendeak dirua irabazten zuen, herri oparoa zen. Ekonomia krisiarekin, ordea, bost urtean ezer gabe gelditu zen, Pasaiarekin batera, dena pikutara joan zen. Gipuzkoako lan gehien zuen herria izatetik, langabezia handiena izatera pasatu zen», kontatu du.
Aldaketa bortitz horrek zirrara sorrarazi zion, eta oroitzapen hartatik Fenix hegaztiaren mitoa etorri zitzaion burura: «Jende hori aurrera aterako zela ziur nengoen, eta irteera horren sinboloa irudikatu nahi izan nuen. Hegaztiak hegalak aireratzeko pronto dituela irudikatu nuen. Hondarribian sumendi harri batzuk erosi nituen errautsa irudikatzeko eta gainean hegaztia jarri nuen».
Ezkutatua
Handik sei-zazpi urtera, Oiartzungo lagun batek esan zion bere eskultura ez zela ikusten. «Txikia iruditzen zaizu, ala?», galdetu zion, «zuhaitzez inguratua zegoela ohartarazi zidan».
«Harrituta gelditu nintzen eta ikustera hurbildu nintzen. Gauza bat da nik eskultura jarri nuenean zuhaitzak jadanik hor egotea, baina ez da kasua, eskultura jarri eta gero jarri zituzten!», esan du haserre.
Foru aldundira joan zen protesta egitera: «Eskulturaren kontua Kultura sailak eramaten zuen, baina biribilgunearen beste kontuak Errepideen sailak. Bien arteko talka zegoen».
Urtebete pasatu zen, bi urte, hiru… eta Larzabalgoak berdin jarraitzen zuen. Aldundirako beste lan bat egitea egokitu zitzaion, eta hori baliatuz, biribilguneko eskulturaren gaia atera zuen. «Azkenean horrela gelditu zen kontua, kulturako zuzendariari esan beharrekoak esan nizkion, baina ez zidan inongo kasurik egin», azaldu du. Epaitegietako bidea hartzea pentsatu izan zuen, baina horretarako dirua behar da eta gogo handirik ere ez zuen horrelako saltsan sartzeko: «Abokatuak esan zidan komunikabideetan izango zuen oihartzunak agian zerbait eragingo zuela, baina horrek prezio bat izango zuen: Gipuzkoan ez nuela egingo sekula beste eskulturarik. Gauzak horrelako krudelak dira».
Esperantza omen da galtzen den azken gauza: «Beti izan dut esperantza aldundira burua duen baten bat iritsiko dela. Eskultura kendu nahi badute kentzea, baina ikusten den toki batean jar dezatela».