Arriskutsuak izan daitezkeen guneak, eta arriskuaren sentsazioa sor dezaketen tokiak identifikatzeko bilerak antolatu dituzte
Irudian Lezoko puntu ilunetako bat; Eskalerrillasen bada antzeko beste bat
Oarsoaldean emakumeentzat egon daitezkeen puntu ilunak identifikatzeko parte hartzeko prozesua martxan jarri dute, Lezoko Udalak bultzatuta, Emakunde eta Oarsoaldearen laguntzarekin, eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalekin elkarlanean.
Emakumeen ikuspuntua kontuan izanda, puntu ilunak identifikatu nahi dituzte, eta horretarako, herrietan arriskutsuak izan daitezkeen guneak, edota arriskuaren sentsazioa edo deserosotasuna sortu dezaketen tokiak identifikatzea da asmoa.
Aipatu tokiak identifikatu eta gero, horiek desagerrarazteko edo konpontzeko proposamenak egitea da diagnostikoaren helburua.
Helburu horrekin eskualdeko lau herrietan lantaldeak jarriko dira martxan. Pasaian, zehazki, bi talde ariko dira, eta bakoitzarekin bi ordu inguruko bi saio egingo dituzte.
Lantaldeetan herrian bizi direnek edo herriko kaleak erabiltzen dituzten emakumeek har dezakete parte, banaka, edo elkarteetako partaide modura. Adin guztietako emakumeak parte hartzea da asmoa. Parte hartzeko bileretara agertu besterik ez da egin behar.
Bileren egutegia
Antxon:
- Eguna: hilaren 12an, osteguna.
- Eguna: hilaren 26an, osteguna.
- Tokia: Antxoko Azokan, 9. gelan
- Ordutegia: 17:30-19:30.
Trintxerpe:
- Eguna: Etzi, hilaren 5ean, osteguna.
- Eguna: abenduaren 3an, osteguna.
- Tokia: Trintxerpeko Alkateordetzan.
- Ordutegia: 17:00-19:00.