Aldundiak Oarsoaldeari emango dio dirua, partaidetza prozesuetan herritarrek proposatutakoen artean bi proiektu gauzatzeko

Imanol Lasa, aldundiko bozeramailea
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziak hitzarmen bana sinatu dute, auzolanari eta herritar kohesioari lotutako proiektuak martxan jartzeko.
“Herritarren partaidetzaren adierazpide praktikotzat” dute bi erakundeek auzolana. Aldundiko bozeramaile eta gobernantza eta komunikazio diputatu Imanol Lasak adierazitakoaren arabera, “ekimen honekin, herritarrak, eta bereziki gazteak inplikatu nahi dituzte gizartearentzat onuragarriak diren jarduera eta zerbitzuetan”. “Lan komunalaren berezko baloreak bultzatu nahi ditugu, hala nola elkartasuna eta autoantolakuntza”, adierazi du Lasak.
Hitzarmenean adostutakoa jarraituta, 80.000 euroko diru laguntza emango dio aldundiak Oarsoaldeari, “partaidetza prozesuetan herritarrek proposatutako ekimenetako bi” martxan jarri ahal izateko.
Lehen proiektuaren kasuan, Oarsoaldeak 37.000 euro jasoko ditu auzolaneko hainbat proiektu martxan jartzeko. Eskualdeko eragileekin eta herritarrekin lan saioak egingo dituzte, garatuko diren proiektu eta lan zehatzak modu parte-hartzailean erabakitzeko.
Horrez gain, Oarsoaldeak 43.000 euroko diru-laguntza jasoko du, “gizartearen mesedetan lanean aritzen diren eskualdeko hainbat eragileren arteko harremanak finkatu, balizko sinergiak-eta partekatzeko moduko baliabideak aztertu, eta jarduerak koordinatzeko”. Horretarako, Eskualdeko Garapen Agentziako pertsonal teknikoaren laguntzaz, eskualdeko elkarte eta kolektiboen zerrenda osatuko dute.
Bi egitasmoak ezagutzera ematekoa kanpaina abiatuko dute aurki, herritar guztiei jakinarazteko proiektuaren berri eman eta lan saioetarako egutegiak igorriz. Ondoren, prozesu osoa ebaluatuko dute, “garatutako lan ildoen inpaktua neurtu, eta ahultasun eta indar-guneak identifikatzeko”.