Xabier Iragorri, Ixiar Iñarra, Ramon Gaztelumendi eta Joakin Izagirre epaituko dituzte datorren astean Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Guardi Zibila, Aritxulegin, operazioaren egunean. (Arg.: Gorka Rubio /Argazki Press
Xabier Iragorri, Ixiar Iñarra, Ramon Gaztelumendi eta Joakin Izagirre epaituko dituzte datorren astean Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bosgarren auziperatu bat ere bada, Ramuntxo Sagarzazu, baina Frantzian espetxean denez, ez dute epaituko.
Terrorismoa goratzea leporatzen diete bostei. Fiskalak publiko egin ditu jada haien kontrako zigor eskaerak. Datorren astean epaituko dituzten lau lagunentzako urte eta erdiko kartzela zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatzen dute: Sagarzazurentzat, berriz, bi urteko zigorra eta hamabi urteko inhabilitazioa.
Epaiketa salatzeko, bihar, 12:30ean, “agerraldi-mobilizaio bat” antolatu dute Oiartzungo plazan, Libre dinamikaren barruan, auzipetuei babesa agertzeko. Horrez gain, epaiketa egunetarako antolatutakoen berri emango dute bihar. Aurreratu dutenez, asteazken eta ostegunean batzarrak egingo dituzte, 20:00etan, epaiketaren berri zabaltzeko, eta ondoren manifestazioa egingo dute.
Aritxulegiko operazioa
Epaiketak 2014ko ekainaren 3an Guardia Zibilak martxan jarritako operazioa du oinarri. Terrorismoa goratzea egotzita, bost lagun atxilotu zituzten egun hartan Oiartzunen, eta beste bost deitu zituzten inputatu bezala deklaratzera. Seigarren lagun bat ere deitu zuen Guardia Zibilak, lekuko gisa.
Bost atxilotuak Madrilera eraman zituzten, eta hurrengo egunean libre utzi, epailearen aurrean deklaratu ondoren, epaiketa bitartean, baldintzapeko askatasunean.
Operazioan indar erakustaldia egin zuen Guardia Zibilak, eta Aritxulegiko Gudarien Basoa desegin zuen.