Errenteria-Oreretan gertatutakoaren memoria lan batean biltzeko eskatu zion udalak Argituz giza eskubideen aldeko elkarteari 2014ko urtarrilean. Asteazkenean memoria hori biltzen duen dokumentua aurkeztuko dute
Aurretik Eraikiz Zikloa egin zuen udalak. Jesus Egiguren eta Julen Mendoza Eraikiz zikloan
Errenteria-Oreretan gertatutakoaren memoria lan batean biltzeko eskatu zion udalak Argituz giza eskubideen aldeko elkarteari 2014ko urtarrilean. Asteazkenean memoria hori biltzen duen dokumentua aurkeztuko dute Niessen auditorioan 19:30ean. “1956tik 2013a arte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena da Memoria partekatu baterantz”, azaldu dute. Amaitu gabeko lana izango dela beti dokumentu hori, gaineratu dute, “agertzen diren datu berriekin jarraitu beharko da egiten, eta badira ikerketa honetan aztertu ezin diren beste indarkeria mota batzuk ere, aurrerago aztertzen jarraitu beharko da, beraz”.
Testigantzak
Giza eskubideez eta bestelako indarkeria ekintzez gain udaleko ordezkari direnen edo izan direnen, eta elkarbizitza ekimenetan lanean ari direnek indarkeriaren eta horren eraginaren gainean emandako iritziak eta testigantzak bildu dituzte dokumentuan. Besteak beste, Miguel Buen Lacambra, Angel Mari Elkano Etxebeste, Jose Manuel Ferradas Freijó, Jose Manuel Herzog de Bustos, Grazi Lopez Etxezarreta Auzmendi, Mari Jose Molina Guerrero, Maite Peña Lopez, Jose Angel Rodriguez Medina eta Mikel Ugalde Ugarteren iritzi eta testigantzak bildu dituzte. Dokumentua aurkezteak ez duela esan nahi talde politiko guztiek bere egiten dutenik bertan esandako guztia, azaldu dute udaletik, “baina bai memoria eta adiskidetzea eraikitzeko ibilbide luzeko lehen pausua eman dela”.
Herritarrak parte hartzera deitu
Udaletik herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera dokumentuaren aurkezpeneko mahai inguruan. Felipe Gomez Isa, Nazioarteko Zuzenbidean doktorea eta giza eskubideen nazioarteko babesean aditua, eta Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendi, Argituzeko kideak eta dokumentuaren egileak izango dira mahai inguruan.