Red Bay eta Pasaia herriak senidetzeko proposamena luzatu du Albaola elkarteak, eta Pasaiako Udalak oniritzia eman dio; Red Bay-ko alkate Wanita Stonek ere begi onez ikusi duenez ideia, tramiteak bideratzea baino ez da falta
Pasaiatik itsas milia askotara dago Red Bay, urruti, Kanadan, Labrador penintsulan. Distantzia hori, baina, euskal arrantzaren historiak egin du txiki.
Euskal baleazaleen jomuga izan zen urte askoan Red Bay, eta han ondoratu zen 1565. urtean Albaola gaur egun Pasai San Pedroko ontziolan berreraikitzen ari den
San Juan galeoia.
1563. urtean Pasaian eraikitako baleontzia, 1978. urtean topatu zuten Parks Canadako arkeologoek. Robert Gernierren zuzendaritzapean, ikerketa lanak abiatu ziren ondoren, eta baleontzi pasaitarra ez ezik, euskal baleazaleen bestelako arrasto ugari topatu dituzte inguru hartan.
Topaketa eta ikerketa lan horien guztien ondorioz, Red Bay-en National History Site museoa sortu zuten, eta 2013an Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen Kanadako badia.
Senidetzeko proposamena
Albaola elkarte pasaitarrak aspalditik du harreman estua kanadiarrekin. Haiek utzitako planoekin ekin zioten Albaolako arotzek baleontziaren berreraikuntzari. Orain, baina, urrats bat gehiago egin nahiko lukete harreman horretan, bi museoen arteko harremana gaindituz.
Horretarako Red Bay eta Pasaia senidetzeko proposamena luzatu berri du Albaolak, eta norabide horretan lehen pausoak eman dituzte jada. Lehengo astearteko plenoan Pasaiako udalbatzak aho batez onartu zuen proposamena.
Orain senidetzea gauzatzeko «tramite administratiboak» baino ez dituzte falta, Albaolako buru Xabier Agotek azaldu duenez, Red Bay-ko alkate Wanita Stoneren oniritzia ere badutelako: «Frantziako telebistak eraman ninduen Red Bay-ra orain dela zortzi bat aste, Albaolari buruzko erreportaje bat egiten ari direlako eta egokia ikusi zutelako han elkarrizketa bat grabatzea», kontatu du.
Bidaia horren testuinguruan, Agotek Red Bay-eko alkate Wanita Stone ezagutzeko aukera izan zuen, eta hari luzatu zion bi herriak senidetzeko proposamena. Ideia «asko» gustatu zitzaion Stone andereari, eta asmoarekin aurrera egitea erabaki zuen Albaolak.
Pasaiara bueltan, proposamen hori helarazi zioten Pasaiako alkate Izaskun Gomezi, eta honek ere begi onez ikusi zuenez, senidetzaren ideiari eustea erabaki dute. «Gizateriaren Ondare izendapena, sekulako bultzada izan da Red Bay-rentzat», nabarmendu du Agotek. «Red Bay munduan ezagutarazteko proiektu oso potolo bat dute, eta gauza asko gertatuko dira han», aurreratu du.
Bi herrien arteko harremana San Juan galeoiaren bueltan sortu denez, Albaolak bi herriak senidetzea berezko lotura indartzeko baliabide aproposa izan daitekeela iritzi dio: «Pentsatu dugu, agian egokia izan zitekeela, Albaolaz gain Pasaia inplikatzea, Pasaia izan zelako itsasontzia sortu zuen herria, eta Red Bay izan delako itsasontzia jaso duen herria».
Elkarlanerako plataforma» ezin hobea dela uste du Agotek, eta udalerriak inplikatuz, harremanari «dimentsio instituzionala» eman nahi diote, «dagoeneko dituzten harremanak sendotzeko».
Lehen porturatzea
Senidetzea aurrera eramateko une aproposa dela defendatu du Albaolako presidenteak, bi arrazoirengatik: «Red Bay-ri bultzada handia emango zaiolako Gizateriaren Ondare izendapenaren harira, eta Pasaiako Udalak duela gutxi aho batez San Juan egitasmoa babestu duelako».
Bi babes horiek denboran bat egin izana garrantzitstua iruditzen zaio Agoteri: «Pentsatzen dugu senidetzea lortuz gero, aukera handiagoa izango dugula elkarrekin gauza ederrak egiteko».
San Juan baleontziaren erreplika noiz uretaratuko duten oraindik ez dakitela baieztatu du Agotek. Hasierako helburua 2016. urtean uretaratzea baldin bazen ere, ez dirudi hala izango denik, eta gaiak, gainera, nahikoa hautsa harrotu du aurretik.
Uretaratzeko data argitu gabe badago ere, gauza bat argi dute Albaolako kideek: «Behin nabigatuko duenean, Albaolaren asmoa da, lehen bidaia potoloa Red Bay-ra egitea». Agoteren ustez, harreman horretan mugarri handi bat suposatuko luke baleontzia berriz ere Red Bay-ra iristea.
Bidai hori egin baino lehen, baina, gauza asko zehaztu beharko liratekeela argitu nahi izan du Albolako buruak: «Aurrez sakon landutako testuinguru batean gertatuko da hori. Eskifaia osatu behar da, eta niri gustatuko litzaidake tripulazio horretan kanadarrak ere egotea».
Agoteren iritziz, kontuan hartu behar da San Juan galeoia Pasaian eraiki zela, eta kanadarrak izan direla hura jaso eta ikertzea erabaki zutenak, «bitarteko handiak mahaiaren gainean jarrita».
«Ondare konpartitua» izanik, senidetzea hura babesteko bide oso aproposa dela defendatu du Xabier Agotek, Albaolaren interesaz gain, «pasaitarren eta euskaldunen interesa ere badagoelako».