«Abesti guztietan faktore komun bat dago, sufrimendua»
‘Ziklomorphosia’ diskoa aurkeztu du abeslari oreretarrak, bere bakarkako laugarrena. Rock doinuetatik aldenduta, funk, soul eta reggaearen nahasketa dantzagarria da
«Garrantzitsua da abeslaria bere buruarekin konektatuta egotea» «Sufrimendua islatuta dago eta gainera hala izatea nahi nuen» «Kashbadekin hustu egin nintzen, dena eman nuen. Gustura gelditu nintzen»Gizon laztan Harkaitz Cano idazlearen letra duen kantua omen duzu gustukoen. Zer du kanta horrek besteek ez dutena? Bi dira gehien gustatzen zaizkidanak, Gizon laztan eta Adeitasun handiz. Bigarren horrek, eraman egiten nau, opiazio modukoa da, zerbait magikoa du. Reggaea da, Aritz Luzuriaga bajistak egina, eta ez da batere konplexua, oinarrizkoa da, baina badu zer edo zer berezia. Gizon laztan kanta, Harkaitz Canok idatzi duena, oso gustuko dut funky hop erritmo nahasketa delako. Ez nago halakorik egitera ohituta, erregistro arrotzean nago, erdi errezitatzen ari naiz, ez dut oso argi oraindik ongi dagoen edo gaizki… Letra oso polita da, eta gainera Javi Pezek rapeatzen du. Gauza berri ugari ditu kantak. Bertsioa ere egin duzu. Spoonful 1960. hamarkadako Howling Wolfen abestia. Zergatik abesti horren bertsioa? Akustikoa egin genuenetik jotzen ari gara abesti hori. Blues errepertorioa genuen, eta bertsio originala jotzen genuen gitarra eta ahotsarekin. Ondoren Rumbak [Violadores del Verso taldeko kidea] eta eurekin kolaboratzen duen Txelasek abestiaren rap oinarri bat egin zuten. Nik probatu nuen DJ Pataren proiektuan Spoonful kantaren testua oinarri horretan, jolasa da. Bi bertsioak batu ditut diskoan orain, originala eta Rumbarena, eta bertsio bat egin dut bandarentzat egokitua, haize instrumentuekin. Eta oso polita gelditu da. Hilaren 26an aurkeztuko duzu diskoa Bilboko Kafe Antzokian. Urduri? Urdurien jarri nauena Donostian egindako aurkezpen agerraldia izan da. Behin hori pasatuta, aurkezpen kontzertuek tentsio puntua izango dute, baina ez nago urduri. Gogo handia dut aurkezpenak egiteko.Lau kontzertu emango ditut, 26an Kafe Antzokian Liberekin batera; 28an Iruñeko Zentral Kafe . Antzokian Zea Maysekin batera; abenduaren 11n Gasteizko Jimmy Jazzen Zurarekin; eta abenduaren 19an, Intxaurrondon, Ras Miguel & Tafarirekin. Euskararekin krisia izan omen duzu, ez zinela gai esan nahi zenuen hura adierazteko, eta Eider Rodriguezi eskatu zenion laguntza. Sorkun Rubiok beti abestu eta sortu du, ordea, euskaraz. Hautu konszientea da? Beti. Nire barne borroka da. Nire euskararekin asko haserretu naiz. Batetik, borrokatzen dudalako euskaraz abesteko, alaba ikastolara doa euskara ikasteko, euskara defendatzea ezinbestekoa iruditzen zait. Bestetik, ni ez naiz moldatzen euskaraz gazteleraz egiten dudan moduan, erdalduna naiz eta horrela esan behar dut. Euskaldun berri batek gainean daraman pisua zaila da, latza, eta ez dugu horretaz hitz egiten.
«‘Adeitasun handiz’ kanta opiazio modukoa da, zerbait magikoa du» «Aurkezpen kontzertuek tentsio puntua izango dute, baina ez nago urduri» «Uste dut ez dakidala beste ezer egiten musika egitea baino, abestea baino»Euskara defendatzea lehentasuna da, batzuetan, komunikazioaren gainetik jartzen dugu. Gelditu eta pentsatu dut: nik euskaraz abestu nahi dut, argi daukat hori, nire zirkuitua da, nik ez dut nire burua gaztelaniaz abesten ikusten. Euskaraz abesten jarraitu nahi dut, euskaraz hitz egiten jarraitu nahi dut, eta horren alde borrokatzen. Baina ez ditut hitzen letra, edota elkarrizketa erdipurdikoak egin nahi, ahal dudan guztietan behintzat. Kontraesana sortzen didan gaia da. Krisialdi kreatiboa, ilusioa galtzea eta berreskuratzearen ondorio izan da Ziklomorphosia? Hala izan da. Ziklomorphosiak esan nahi du ziklotimia eta metamorfosia. Orain bost urte ziklotimia nuela esan zidaten. Aldartearen desoreka da, eta gora-beherak dituzu. Nire kasuan beti beheraldiak eragiten zizkidan, bipolaritatearen ahizpa txiki baten modukoa litzateke. Une jakin batean koadro kritikoa izan nuen, eta oso gaizki pasatu nuen, hondoa ukitu nuen, eta diagnostikoa egin zidateanean, azaldu zidatenean zer nuen, eta esan zidatenean lasai egoteko, ongi sentitu nintzen. Hitza, ziklotimia, izugarri gustatu zitzaidan, bizitza salbatu zidan gainera hori guztia ulertzeak. Bestalde, ulertu nuen metaformosi sakona sufritzen ari nintzela. Disko honekin beste pertsona bat naizela sentitzen dut, ez dut ezer erakutsi behar, nire buruaz ziur naiz, nire kontraesanekin. Ziklomorphosia izen perfektua zen. Zein izan da disko honen alderik zailena? Promozioa iruditzen zait beti zailena. Modu arrazional batean azaldu behar duzu egin duzuna, sorkuntza edo arimarekin. Niri kosta egiten zait, baina egia da ikasten duzula. Oreretarra zara eta zure abestien letrak oreretar idazle batek idatziak, ia %100 Oreretakoa da Ziklomorphosia? Jakina. Azalaren argazkia eta bideoklipa Lander Garrok egin ditu, oreretarra bera ere, eta Iñigo Legorburu ere hor dago. Oreretatik asko du Ziklomorphosia-k. Errenteria-Oreretan noiz diskoaren aurkezpena? Momentuz ez dago datarik lotuta. Uste dut egingo dugula kontzertua bertan, baina Intxaurrondon aurkeztuko dugunez abenduaren 19an, denbora tartea utzi beharko dugu. Non sentitzen zara gusturen abesten? Bilboko Kafe Antzokian gustura izaten naiz, kontzertu onak izan ditut bertan. Jendeak ongi erantzuten du, gogotsu doa, elkar ulertzen dugu. Gasteizko gaztetxea ere gustuko dut. Zuzenekoetan disfrutatzen duzu? Bai, gehienetan bai, baina ez beti. Abesti berak jotzen urtebete daramazunean ez duzu berdin gozatzen agian. Zer da abestea zuretzat? Niretzako abestea lan bat da. Hilabetero soldata bat banu ez nuke abestuko ziurrenik, nire lagunekin abestuko nuke gustuko dudalako. Serio abesten hastea, diskoa ateratzea, berriz ere lanean hastea. bizi behar dudalako eta nire alabak jan egin behar dudalako erabaki dut. Horretaz gain, izugarri polita da musika egitea, gustuko dut abestea, musika egitea. Gainera, uste dut ez dakidala beste ezer egiten musika egitea baino, abestea baino.