
EH Bilduko kideak, gaur, Donibanen eman duten prentsaurrekoan
EH Bilduren arabera, “kapitalaren mesedetan landutako plana” da Donostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Plana, eskualdearen etorkizuna ikuspegi guztietatik kolokan jartzen duena, eta horregatik bere tramitazioa eten eta plana bertan behera uzteko eskatu dute gaur goizean Donibanen eman duten prentsaurrekoan.
Lehengo asteazkenean bildu zen Pasaiako Udalean aholku batzordea, gaia aztertzeko, eta EH Bilduk “positibotzat” jo dute Aholku Batzordea deitu izana. Edonola ere, zer zuzendu badagoela iritzi dio, eta deialdiak legenago egiteko, eta bilerak beranduago egitea eskatu dute, parte hartzea errazte aldera.Adi berean, teknikoei informazioa aurretik helarazteko eskatu diete.
Azkenik, gaiarekin interesa duten gizarte eragile eta norbanakoak parte hartzera deitu dituzte –udalera jo eta izena eman besterik ez da egin behar horretarako– .
Alegazioak
EH Bilduk jakinarazi duenez, Pasaiako Udalak hainbat alegazio aurkeztu behar dizkio Zatikako Lurralde Planari. Alegazioak, baina, ez dituztela ezagutzen adierazi dute, baina horiek babesteko prest daudela aurreratuz, baldin eta “udalaren eskumenen defentsa eta herritarrek parte hartzeetan hartutako erabakian kontuan hartzen badira”.
Portuko Plan Berezia
Asteazkeneko Aholku Batzordean Portuko Plan Bereziaz hitz egin zuten baita ere, eta EH Bilduk azaldu duenez, “aurrerago tratatuko dutela” esan zieten. Gaiaren inguruan kezka agertu du beste behin koalizio abertzaleak: “Larria iruditzen zaigu Pasaiako birgaitzea garatzeko ezinbestekoa dugun lur eremua, etorkizunari begira hipotekatua utzi nahi duen proiektuaz informazio eskuratu eta eztabaidatzeko aukera soila izatea”.
Bide beretik, Udala kaiko Herrera nahiz Ondartxorako ordenazioak aurrez garatuak dituela nabarmendu eta plan horiei eusteko eskatu dio gobernu taldeari. “Plan Bereziak herritarrek egindako lana hankaz gora jartzeaz gain, udal eskumenak bortxatzen ditu”, salatu dute eta pasaitarrentzat errespetua exijitu dute. “Beste behin ere esaten dugu pasaitarrok erabakiko dugula Pasaian zer eta nola egin”.