Asegarcek antolatutako pilota jaialdian parte hartuko du Ander Imaz pilotariak ostiralean, Madalensoro pilotalekuan.

Ezkerrekoa da Ander Imaz
Ander Imaz pilotari oiartzuarrak, Eneko Yoldi huartearrarekin batera, Donostiako Egia auzoko pilotalekuan egin zen Donosti Gain pilota txapelketa irabazi zuen igandean, eskuz binaka, Senior Mailan. Finalean Paul Ojuel eta Markel Lizeaga hernaniarrak izan zituzten aurrean oiartzuarrak eta nafarrak, eta 13-22 gainditu zituzten. Gainera, Imaz izendatu zuten finaleko jokalari onena.
Imazek etxean, Madalensoro pilotalekuan jokatuko du ostiralean (hilaren 20an). Asegarcek antolatuko duen pilota jaialdian izango da, binakakoa jokatuko du, Olaetxea bikote duela; Tainta eta Apraiz izango dituzte aurrean. 20:00etan hasiko da jaialdia, eta 22:00etatik aurrera emango dute ETB1 telebista katean.
Oiartzuarrak jokatuko duen partidaz gain, beste bat izango da herrian: Elezkano II-Ibai Zabala, Artola-Aretxabaletaren kontra.