Bekoz Bekok antolatuta, bufanda sinbolikoa harilkatuko dute larunbatean Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan

Orotariko teknikak erabili daitezke bufanda harilkatzeko
Azaroaren 25aren atarian, biderkatzen ari dira indarkeria matxistaren kontrako jarduerak han eta hemen. Pasaian, Bekoz Beko elkarteak luzatu du deialdia oraingoan. Larunbatean, Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan, 11:00etatik 13:00etara, bortizkeria sexistaren kontrako bufanda ehuntzeko lanak egingo dituzte. Deialdira pasaitar guztiak gonbidatu dituzte.
Azaldu dutenez, txatalak askotarikoak izan daitezke; “kakorratz-lana, puntua, ehoziria…” nahi den teknikan eginak, eta baldintza bakarra tamaina da: lanak 30 zentimetro zabal izatea.
Bekoz Bekok gogorarazi duenez, Astigarragako
Harituz elkarteko emakumeak hasi ziren bufanda ehuntzen, orain dela urtebete pasatxo. Orduz geroztik, bufanda herri eta hirietan zehar ibili da. Asturias, Kordoba, Madril, Tanger eta Hego Amerikan zehar. “Bufanda gero eta luzeagoa izatea lortzen ari dira eta, era berean, herriak eta herrialdeak lotuta egotea”, goraipatu dute Bekoz Beko taldeko kideek.
Emakume pasaitarrek ere beren aletxoa jarri nahi dute ekimenean, “kalean sexu-indarkeriaren aurkako gaitzespena eta gizarte-konpromisoa erakutsiz”.