Antzerkia nagusi izango da asteburuan Lezon
Larunbatean Kiliklon taldearen DJ Porru lana taularatuko dute, eta igandean Txalo Antzerki taldearen Datorren urtean hobeto.
Larunbata eta igandean bi antzerki saio ikusteko aukera izango da Lezon. Larunbatean Kiliklon taldearen DJ Porru lana taularatuko dute Kultura sailak antolatuta. Haurrei zuzendutako lana da DJ Porru ikuskizuna eta Saldise plazan izango da emanaldia 16:30ean hasita. Ordubeteko emanaldia da eta abestiak kantatzeaz gain hainbat koreografia erakutsiko dizkiete taldekideek bertaratzen diren haur eta gurasoei. Emanaldia doakoa da.
Igandeko antzerki emanaldia berriz helduei begirakoa da. Txalo antzerki taldearen datorren urtean hobeto lana taularatuko dute. Gezala auditorioak hartuko du emanaldia 20:00etan eta sarrerak 8 euroan eros daitezke Kultura aretoan edo internet bidez.
Begoña Bilbaok zuzenduta, Itziar Urretabizkaia, ainhoa Garai eta Iraitz Lizarraga ariko dira taula gainean. Bizitzaren pasarteak hartu dituzte oinarri antzezlana osatzeko garaian. Bakarrizketa laburrak, pentsamenduak, kronikak, elkarrizketa laburrak… Nahi adina emakume mota irudikatuko dituzte hiru aktoreek oholtza gainean ziria sartzeko prest, umorez zipriztindutako lanean.
