Piztu eta lau astez mantenduko dute horrela txondorra Arditurrin, Aiako Harria Natura Parkean.
Isabela Mancebo Baldaren ilustrazioa
Txondorra piztuko dute bihar Arditurrin, Aiako Harria Natura Parkearen barruan, eta abenduaren 19ra arte bertan izango dira lanean ikazkinak gau eta egun, atsedenik hartu gabe, txondorrari jaten eman eta sua mantentzeko. Garai batean inguru horretan garrantzia handia izan zuen, eta egun guztiz galdua dagoen ikazkinen ofizioa indartu eta erakusteko asmoz antolatu zuten txondorraren inguruko jarduera, orain lau urte lehen aldiz, Oiartzungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak. «Galtzear zegoen ikazkinen ofizioa berreskuratzeko intentzioarekin hasi ginen honetan lanean Arditurrin, batez ere jende gazteari erakusteko», esan du Itsaso Aritzeta Arditurriko koordinatzaileak.
Jai giroan piztuko dute bihar txondorra, eta hurbiltzen direnek ikazkinek nola lan egiten zuten ikusteko aukera izango dute. 17:30ean piztuko dute, toberaren doinuek lagunduta. Giro magikoa sortuko da aurten ere paraje zoragarri horretan, eta txondorraren ke usainak beteko ditu bazterrak garai batean egiten zuen modu berean. Baina aurretik kalejira antolatu dute Arditurriko aparkaletutik abiatuta, 16:00etan, Abaraxkako kideek eta trikitilariek lagunduta, «beraiekin batera hurbilduko gara txondorrera».
Aurreko urteetako irudiekin osatutako ikus-entzunezkoa emango dute bertan, eta txikienei begira, berriz, talo tailerra antolatu dute. Abaraxkakoek antolatu dute tailer hori, «aurreko urteetan izan duen arrakasta ikusita mantentzea erabaki dugu», esan du Aritzetak.
Bisita gidatuak
Txondorraren inguruan, gainera, bisita gidatuak antolatu dituzte, bai ikastetxeei begira, bai partikularrei begira ere. Partikularren kasuan gutxieneko taldea osatu behar dute, hamar lagunekoa, eta abenduaren 19ra arte egingo dituzte bisitak. «Asteartetik igandeetara dago bisitak egiteko aukera, 10:00etatik 14:00etara. Larunbatetan, berriz, arratsaldez egingo ditugu, 16:00etatik 18:00etara». Bisita gidatuak egiteko ordua aldez aurretik eskatu behar dute interesdunek, eta horretarako bi bide dituzte, Arditurriko Parketxeko 943 49 50 69 telefono zenbakira deituta, edo Turismo Bulegoko 943 49 45 21 telefono zenbakira deituta. Prezioa, berriz, 2 eurokoa da.
Arditurriko koordinatzaileak esan duenez ikastetxeei begira antolatutako bisitek dute arrakasta gehien: «Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako maila txikienetako haurrei begira antolatu ditugun bisitek harrera ona izan dute. Dagoeneko iazko kopuruak gaindituta ditugu, eta oso pozik gaude emaitzarekin».
Arditurriraino hurbiltzen diren haurrek ikazkinen gaineko informazioa jasotzen dute modu ludikoan, «domino jokoa baliatzen dugu bisita egiteko eurekin». Ikazkinek egurra nondik ateratzen zuten, zein lanabes mota behar izaten zituzten lanerako, txondorra zaintzerakoan zer jaten zuten azaltzen diete, besteak beste.
Bisita amaitzeko, berriz, txondorra egiten dute haurrek, «taldetan banatzen ditugu, eta talde bakoitzak txondorraren zati bat egiten du». Azken horrekin izugarri gozatzen dutela gaineratu du Aritzetak, «oso gustuko dute.
Amaitzerakoan benetako txondorrera hurbiltzen gara, eta bertan ikazkinekin hitz egiteko aukera izaten dute».
Hamabi tona egur
Txondorra egiteko hamabi tona egur erabiliko dituzte. Iazko datuak dira horiek, baina aurten antzeko kopuruetan ibiliko direla zehaztu du Aritzetak. Egur horrek, ordea, jatorri ezberdinak ditu, «Oihanlekutik hartu dugu zati bat, aurten pagoak nola mozten zituzten ikazkinek erakusteko ekintza antolatu baigenuen. Beste zati bat udalak aurten txondorra egiteko erabilitakoa izango da, eta azkenik, Aiako Harriko beste pago motz batzuetatik hartutakoa da».
Lau urteko ibilbidearen gaineko balorazio baikorra egin du Aritzetak: «Txondorra piztu aurretik jende ugari hurbiltzen da Arditurriraino hura ikustera, eta pizterakoan zein itzaltzean jende mordoak egiten du bat».
Ikazkintza oso garrantzitsua izan zen Aiako Harriko basoetan iraganean, eta egun, horren erakusle diren aztarna ugari aurkitu daitezke bertan. «Abeltzaintza eta basogintza bateragarri egiten zituen zuhaitzak lepatzearen teknika erabiltzen zuten, adarrak altuera jakin batean moztuta. Gaur egun zuhaitzik lepatzen ez bada ere, zuhaizti lepatu ugari da gure inguruan, pago motzak kasu».
Ikatza egiteko erabiltzen zen batez ere Aiako Harriko basoetako egurra, baina ez zen erabilera bakarra, ontzigintzan edota etxegintzan ere erabiltzen zen garai batean.
Txondorra lau astez izango dute piztuta Arditurrin. Aste horietan zehar egunero eta gauero ikazkin bat izango da gutxienez hura zaintzen. Abenduaren 19an egur ikatza aterako dute. Orduan ere kalejirak lagunduta, jai giroan egingo dute txondorreraino bidea. Ateratzen den ikatza, berriz, Oiartzungo plazara eramango dute hilaren 24an Olentzeroren laguntzaileek, ikazkinik ospetsuenari harrera egiteko.