Elkartasun bilketa erraldoia
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak urteroko jaki bilketa erraldoia egingo du hilaren 27 eta 28an. Oarso Bidasoan 10 saltokitan jasoko dituzte elikagaiak, gero beharra dutenei emateko
Oarso Bidasoan 240 boluntariok lan egingo dute jakiak jasotzen. Elikagaiak behar dituztenen profila asko aldatu egin da azken urteetanHala, jakiak bilduko dituen supermerkatu bakoitzerako kaxa bat dute prest. Bertan, 27 eta 28an tokian tokiko saltokietan egongo diren boluntarioentzako petoak, nahiz horietan jarriko dituzten kartelak daude, baita poltsak ere. Funtzionamendua Bilketa erraldoiarekin bat egin nahi dutenek erraztasun guztiak izango dituzte hori egiteko. Oarso Bidasoan, esaterako, hamar supermerkatutan egingo dute bilketa, gehienak Eroski, Uvesco (Super BM), Alcampo, Dia edo Carrefour etxeetakoak. Horietan boluntarioak egongo dira, baina badira saltoki txikiagoak euren kabuz bilduko dituztenak jakiak. Hortaz, gune horietako sarreretan boluntarioek poltsa berezi batzuk emango dizkiete bezeroei, bertan, elkartasun keinua egiteko jakiak sar ditzaten herritarrek. Behin ordaindutakoan, poltsak, baina beteta, berriz ere borondatezko langileei eman behar zaizkie. Horiek arduratuko dira jakiak behar den tokian uzteaz. Baina edozerk ez du balio. Jaki freskoak —barazkiak, fruta, haragia, arraina— ez dira utzi behar, iraungitze data luzea dutenak baizik. Honakoak lehenetsi dituzte elikagaien bankuko kideek: esnea, gailetak, azukrea, haurrentzako pixoihalak, olioa, kontserbak, kakaoa, lekaleak (kontserban), arroza eta pasta. Behin horiek denak jasota, bai 27an zein 28an furgoneta edo kamioi bidez supermerkatuetatik Oiartzungo biltegi nagusira eramango dituzte Oarso Bidasoan jasoko direnak, hain sailkatze prozesua hasteko, gauza bakoitzak bere tokia duelako Ugaldetxoko industrialdeko pabilioian. Prozesu horrek, Begoña Murciegok zehaztu duenez, hilaren 30etik abenduaren 23ra arte iraungo du, eta egun horietako bakoitzean boluntarioen bi txanda izango dira lanean, txanda bakoitzeko 18 lagun daudela. Hurrengo asteburuko bilketan, Gipuzkoan, 1.400 lagun ibiliko dira saltokietan jakiak jasotzen. Horietatik 240 Oarso Bidasoko dendetan egongo dira, behar bezala identifikatuta. Irunen, ordea, laguntza behar dute: han boluntario bezala lan egin nahi dutenek 655 70 86 10 telefono zenbakira hots egin behar dute izena emateko. Eskatzaileen profila Gipuzkoako Elikagaien Bankuak jakiak ez dizkie zuzenean herritarrei ematen. Beharra duen batek ezin du joan Oiartzungo pabilioira, eta bertan janaria eskatu. Tokian tokiko elkarte, eragile edo erakundeen bitartez egiten dira banaketak. Haiek arduratzen dira bankuaren egoitzara joan, jakiak jaso, eta banatzeaz. Elikagaien bankuak hainbat baldintza eskatzen dizkie banatzaileei, eta behin horiek betetzen dituztela ziurtatua, hasten dira gaiak ematen. Baina onuradunekin zuzenean harremanik ez izan arren, bankuko kideek badakite zer nolako familiek jasotzen dituzten eurek lortutako jakiak. Murciegok azaldu duenez, jakiak jasotzen dituztenak etorkinak direla bakarrik ez da egia. «Esan dezaket onuradunen erdia bertakoa dela. Horietako batzuk denbora luzeko egoera zailak bizi dituztelako jotzen dute herrietako guneetara elikagai bila. Baina badira, krisiagatik, zerbitzu honen berri izan eta erabiltzen hasi direnak. Familia arrunta izatetik, beharra duen familia izatera pasatu dira». Azken kasu horretan, badira elkarte edo erakundeak jakiak zuzenean beharra dutenen etxeetara eramaten dituztenak. Hau da, egoera zailean daudela inork jakin ez dezala nahi duenik bada: ez dute nahi jaki banaketako ilara batean inork ikustea. Horiek muturreko egoerak dira: badira beharra ezkutuan eramaten dutenak, lotsagatik jakien bila ez doazenak, etxean jateko deus ere ez dutenak.