Aniztasunaren bilgune izatea da Agirre Lehendakariaren plazan dagoen topagunea.

Inaugurazioaren une bat
Larunbatean inauguratu zuten Lampedusako mosaikoa Errenteria-Oreretan. Mikelazuloren Herrien Astearen barruko ekitaldia izan zen, eta bertan izan zirenek nabarmen utzi zuten zein den topagune berriaren asmoa: aniztasunaren, herrien arteko ezagutzaren, berdintasunaren eta elkartasunaren gune izatea. Hala, herriko hainbat talde, eragile, norbanako eta elkarte ordezkatuta izan ziren inaugurazioan, horien jatorria anitza zela.
Harresiak, mugak hausteko bokazioa du, beraz, mosaikoak. Eta nork daki egunen batean, ekitaldian izan zen hizlariak azaldu zuenez, “Saharako herriaren askatasuna bertan ospatuko ote dugun bertan”. Musikak, bertakoak eta urrunekoak, lagundu zuen ekitaldia, haize bolada eta euri zaparrada artean.
“Gure herriko Alamedan bada mosaiko bat, Lampedusaren mosaikoa. Zure esku dago mosaiko hori gure herriko oihu solidarioaren harrirudia bihurtzea, gerrari aurre egiteko, harresiak desegiteko eta harremanak eraikitzeko gure borondate eta erabakimenaren lekukoa”; hori da mosaikoaren funtzioa, gunea egin duten kideen ustez.