Pasaiako mugimendu feministak bi elkarretaratze deitu ditu etzirako
Antxon eta Trintxerpen izango dira mobiliazioak 'Alde gure gorputzetatik' lelopean; gazte pasaitarrek rap feminista bat landu dute Beldur Barik lehiaketarako
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna izango da etzi -hilak 25– eta indarkeria matxista gaitzesteko bi elkarretaratze deitu ditu Pasaiako mugimendu feministak.
Alde gure gorputzetatik lelopean elkarretaratzeak izango dira 19:30ean Trintxerpeko alkateordetzan eta Antxoko Gure Zumardian, Harremantxo, Bekoz Beko eta Topaketa taldeek deituta.
Deialdi gehiago
Elkarretaratzeak ez dira azaroaren 25aren inguruan antolatu dituzten jarduera bakarrak. Jardueretako asko egin dituzte jada -lehengo larunbatean Bekoz Bekok antolatuta Trintxerpen egin zen jarduera sinbolikoa kasu–. Sexu indarkeriaren kontra bufanda ehuntzen aritu ziren ziren herritarrak Serafin Esnaola plazan.
Beste hainbat jarduera datozen egunotan egingo dituzte. Antxon, esaterakoa, emakumeentzako puntu ilunak izan daitezkeenak atzemateko lehen bilera bat egin zen hilaren 21an eta hurrengo bilera abenduaren 1ean izango da, 17:00etan, Antxoko gizarte ekintzan (anbulatorio zaharra).
Beldur barik
Aurtengo agenda nabarmentzekoa da ere larunbatean izango den Beldur Barik topaketa. Amurrion izango da eta pasaiako gazteek parte hartuko dute.
Indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da Beldur Barik, EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta. 12 eta 16 urte artek gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoen lehiaketa da. Gazte pasaitarrek rap feminista bat landu eta lehiaketara aurkeztu dute. Larunbatean Amurrion antolatu duten topaketan aurkeztuko dute. Orduan emango dituzte ezagutzera lehiaketako irabazleak. Bozkatzeko aukera ere bada.
