Lehen aldiz egingo du emanaldia Errenteria-Oreretan opera eta zarzuela nahasten dituen Itsaso Elkarte Lirikoak.
Olaizola, Diaz Enparanza, Zubiarrain eta Insausti
Itsaso Elkarte Lirikoak opera eta zarzuela doinuak ekarriko ditu ostiralean Maria Magdalena basilikara. Gaur goizean eman dute emanaldiaren berri antolatzaileek, Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kide Jose Luis Insaustik eta Izaskun Olaizolak eta Elkarte Lirikoaren zuzendari Juanlu Diaz Enparanza eta abeslari Assunta Zubiarrainek. Guztiek nabarmendu dute lehen aldia dela Itsasoko kideak Errenteria-Oreretan daudena, eta horren harira berezitasuna dela gaineratu du Insaustik: “Guretzat eta gure herriarentzat berezia da, izan ere, opera eta zarzuela estiloak nahasten dituen abesbatzarik ez dugu izan orain arte”.
2015erako programatutako kontzertuen zerrenda ostiraleko emanaldiarekin itxiko duela Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak esan du bestalde, Insaustik, eta ikasturtean antolatutakoen gaineko balorazio positiboa egin du: “Urtea bizia eta satisfakzioz betea izan dugu eta balorazio baikorra baino ezin dugu egin. Antolatutako emanaldien kalitatea ezin hobea izan da, eta parte hartzaile ugari izan ditugu”. Parte hartzaile horiek gainera basilikaren alde elkartea egiten ari den lana eskertu dutela nabarmendu du Insaustik. Ostiraleko emanaldiarekin aurtengo egitaraua itxiko dutel,a eta Itsaso Elkarte Lirikoko kideak bertan izatea “luxua” dela gaineratu du basilikaren alde lanean diharduen elkarteko kideak, eta aurretatu du datorren urterako egitaraua prestatzen ari direla dagoeneko.
40 urteko ibilbidea
Orain 40 urte sortu zuten Donostian Itsaso Elkarte Lirikoa. Helburu garbia zuen abesbatzak, opera eta zarzuela sustatzea. Hogeita hamar lagun ari dira egun bertan abesten Enparanza eta Zubiarrainek azaldu dutenez, eta belaunaldi aldaketa sakona bizitzen ari dela nabarmendu dute, “ahots batzuk zahartzen ari zazikigu eta horiek ordezkatzeko prozesuan ari gara. Jende berri asko hurbildu da eta batzuek, lehen kontzertua izango dute ostiralekoa”. Enparanzak dei berezia egin die gazteei gaurko agerraldian: “Musika herriari, jendeari eta batez ere gazteei hurbildu nahi diegu, beraiek direlako etorkizuna eta horren harira, abestera animatu nahi nituzke, abesbatzetan parte hartzera, gazteek nahikoa baztertuta dutelako musika klasikoa”.
Erakundeei ere egin die deia. Kulturarako laguntzak omen dira eta murrizten lehenak, “babesa eskatu nahi dugu, laguntza, halakoak mantendu ahal izateko. Euskal abesbatzak eredu dira eta ezin dugu galdu hori”. Errenteria-Oreretakoa plaza garrantzitsua dela esan du azkenik Enparanzak, “eta ilusioz betetako emanaldi polita eskainiko dugu”. Herritar guztiak animatu dituzte laurek, 19:00etan hasiko den emanaldiarekin bat egin eta opera eta zarzuelaz gozatzera. Eskerrak eman dizkie azkenik Insaustik elkartearen jardunean laguntzaile dituztenei, “emanaldi hau antolatzeko Zumardi Kioskoa eta Larrarte saltokien laguntza izan dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Egitaraua
- O signore, dal tetto natio (Il Lombardi alla prima crociata) G. Verdi
- Vedi le fosche notturne spoglie (Il trovatore) G. Verdi
- Va pensiero (Nabucco) G. Verdi
- Noi siamo zingarelle (La traviata) G. Verdi
- Introduccion y brindis (Marina) E Arrieta
- Barcarola J. Offenbach
- Brindis (La traviata) G. Verdi
- Adios Granada. Herrikoia
- Canción húngara (Alama de Dios) J. Serrano
- Mon coeur s´ouvre a ta voix (Sanson y Dalila) C. Saint Säens
- Coro de doctores (El rey que rabió) R Chapi
- Tanto vestido blanco (Agua, azucarillos y aguardiente) F. Chueca
- Ay mi morena (Luisa Fernanda) M. Torroba