Lau Hazietara Euskaltzaleon Topaguneak, Errenteriako Udalarekin, ikastetxeekin eta euskaltegiekin elkarlanean prestatu du egitaraua Euskararen Egunerako .
Euskararen Egunaren aurkezpena
Euskararen Egunari eta euskara berari ateak zabaldu nahi dizkio Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, eta abenduaren 3aren harira prestatu duen egitarau bateratua aurkeztu du gaur. Garazi Etxezarreta Euskara zinegotziak, Joxe Mari Jauregi euskara teknikariak, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko lehendakari Xixilio Martixalar eta elkarte bereko kide diren Aitzol Perez De San Roman eta Haizea Cuestak, eta Xenpelar AEKko ordezkari Borja Arbelaitzek aurkeztu dute Errenteria-Oreretako ikastetxeekin eta Xenpelar AEK eta Udal Euskaltegiarekin elkarlanean prestatu duten egitarau zabala.
Euskararen eguna ospatzeko ateak zabaldu nahi zituela euskaltzaleon topaguneak esan du agerraldian Perez De San Romanek, “ikastetxeekin egin dugu lan batez ere aurtengoari begira, baina gure helburua beste eragileengana heltzea ere bada”. Euskararen egunaren harira antolatu dituzten ekintzak aipatu ditu segidan. Abenduaren 2an Garabiderekin elkarlanean Beltzean mintzo dokumentalaren emanaldia egingo dute abenduaren 2an, asteazkenarekin, Reina aretoan 19:00etatik aurrera. Ekintzarik gehienak berriz, 3an bertan egingo dituzte. Goiz partean Mintzodromoak izango dira Udal Euskaltegia eta Xenpelar AEKren eskutik, eta goizetik eguerdira ikastetxe guztietan Euskararen Egunaren harira hainbat ekintza burutuko dituzte.
Arratsalde partean kantu jira berezia ibiliko da herriko kaleetan barrena eta 19:30ean ekitaldia egingo dute herriko plazan. Errenteria-Oreretako topaguneak bere mezua lau haizetara zabalduko du, baina baita ikastetxeetatik helduko dena ere, “ez dugu ezer aurreratuko baina suaren inguruan ere zerbait egiteko asmoa dugu”, esan du Perez De San Romanek.
Ahotsak proiektuaren aurkezpena
Eskararen Egunari begirako elkarlana ongi etorria dela gaineratu du Lopez Etxezarretak, “koordinazio lana egitea adostu zen dena egitarau beraren barruan txertatzeko, eta pozgarria da modu bateratuan aurkeztea abenduaren 3ari begira prestatutako guztia. Egun horri udalak ekarpena egiteko antolatu dituen ekintzen berri eman du Euskara zinegotziak, ondoren. Ostiralean bertan, Oarsoarrak sariak banatuko dira Xenpelar Etxean 19:00etatik aurrera. Xenpelar Etxean Koldo Mitxelenaren gaineko erakusketa zabalik izango da hilaren 27ra arte gainera: “Batez ere bere argazkiak bildu ditugu erakusketarako, baina familiak Koldo Mitxelena Kulturguneari utzitako fondo pertsonaleko hainbat idatzi originalak ere bildu ditugu”. Besteak beste Txillardegi edo Miranderi idaztitakoak ikus daitezke bertan.
Ahotsak proiektuaren aurkezpena ere egingo du udalak abenduaren 1ean 19:00etan pleno aretoan. 1908 eta 1942 urteen artean jaiotako 46 lagunen elkarrizketak bildu dituzte. Denak jasota omenaldi txikia egin ahi dietela orain esan du Lopez Etxezarretak. Udaletxeko balkoian gainera, euskaraz bizi nahi dut leloak merezitako lekua izango du.
Herritar guztiak animatu dituzte azkenik antolatutako guztietan parte hartzera eta euskara erabiltzera, ez soilik abenduaren 3an, urtearen 365 egunetan baizik. Horren harira Topaguneak deialdia egin duela Euskarak #365 egun traola erabiltzeko sare sozialetan azaldu du Perez De San Romanek eta hura erabiltzera animatu ditu herritar guztiak.
Egitaraua
- Hilaren 27a arte: Koldo Mitxelenaren gaineko erakusketa Xenpelar Etxean. 16:30etik aurrera bisita daiteke.
- Hilak 27, ostirala: Oarsoarrak Saria Xenpelar Etxean 19:00etan.
- Abenduak 1, asteartea: Ahotsak proiektuaren aurkezpena pleno aretoan 19:00etan.
- Abenduaren 2a, asteazkena: Beltzean Mintzo dokumentala Reina aretoan 19:00etan.
- Abenduaren 3a, osteguna: Euskararen Egunean egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etan Mintzodromoa izango da Galtzarabordako kiroldegiko kafetegian, eta ikastetxeetan eguna ospatuko dute. Herriko plazak hartuko ditu arratsaldeko ekitaldiak. 19:00etan kantu jira izango da; 19:30ean, Euskaraz bizi nahi dut abestairekin koreografia eta ondoren ekitaldia.