Aste honetan entregatu dituzte sinadurak udalean, barrutian atez atekoa bertan behera geratu denean; Hondakinen gaikako bilketan arduratsu jokatzeko eskatu diete PSE-EEri eta EAJri

Lehengo igandeko elkarretaratzea, Donibaneko plazan
Pasaian jada ez da atez atekorik. Barrutika egin da edukiontzien sistemara buelta. San Pedron eta Trintxerpen gauzatu zen aldaketa lehenik, ondoren Antxon, eta aste honetan, azkenik, Donibanen. Horrenbestez, udalerri osoan berriz ere martxan da hondakinak biltzeko edukiontzien bidezko sistema.
Aldaketa, baina, ez da izan denen gustukoa. Ahots kritiko gehien Donibanen altxatu dira. Atez atekoa bertan behera utziko zutela baieztatuta, aldaketarekin kezkatuta zeuden sanjuandarrek sinadurak biltzeari ekin zioten. Aste honetan bertan eman dute bukatutzat sinadura bilketa, barrutian atez atekoa bertan behera geratu den astean.
360 sinadura bildu dituzte, zehaztu dutenez, «atez ateko sistema ez kentzearen alde». Sinadurekin batera, eskaera zehatzak helarazi dizkiote gobernu taldeari, «gaikako bilketan atzerapausorik izan ez dadin».
Gardentasun eskaera
Edukiontzien sistemak «lortutako birziklatze kopuruan atzerapauso nabarmena» ekarriko duela uste dute sinatzaileek. Horregatik, «birziklatze kopuruak behera egin ez dezan beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak» jar ditzan eskatu diote Izaskun Gomez Pasaiako alkateari.
Udalak bosgarren edukiontzia gehitu du organikoa bereizi nahi dutenentzat. Edukiontzi marroia erabiltzea edo ez, ordea, hautazkoa da, eta kontrol eza horrek sortu du kezka atez atekoaren alde daudenengan.
Era berean, sinatzaileek datuekin gardentasunez jokatzeko, eta bilketari buruzko informazioa aldiro eskuragarri jar dezala eskatu diote udalari.
Horrez gain, pasaitarrei arduratsu jokatzeko eskatu diete, eta «ahalik eta hondakin gutxien sortu eta birziklatzen» segi dezaten eskatu, sinatu dutenen ustez horrek ahalbidetuko duelako «PSE-EEk eta EAJk eraiki eta elikatu nahi duten errauste planta ez egitea».