Herritarren oinarrizko beharrei ez diela egoki erantzuten EH Bilduren aurrekontu proposamenak esan du Errenteriako PSE-EEk.
Jose Angel Rodriguez artxiboko irudi batean
Herritarren oinarrizko beharrei ez diela egoki erantzuten EH Bilduren aurrekontu proposamenak esan du Errenteriako PSE-EEk, eta hori dela eta osoko emendakina aurkeztu dio proposamen horri. Herritarrak babestu eta udalerri irekiagoa, parekideagoa anitzagoa eta solidarioagoa izatea dela alderdi sozialistaren helburua ere esan du Jose angel Rodriguez bozeramaileak. EH Bilduren proposamenaren gaineko irakurketa ezkorra egin du: “Etsigarria eta urria da EH Bilduren aurrekontu proposamena krisi ekonomikoari aurre egiteko, eta gainera ez dira batere solidarioak gehien sufritzen ari direnekin”.
Hainbat diru zati gehigizkoak direla ere esan du Rodriguezek, eta arrazoi horiek guztiek eraman dutela bere alderdia emendakina aurkeztera gaineratu.
Proposamenak
PSE-EEk emendakinan 1.000.000 euro enplegu planetara, 1.200.000 euroekintza sozialetara, 1.000.000 euro igogailuak eta irisgarritasuna lortze aldera, 200.000 euro merkataritza sustatzera, 500.000 euro hezkuntzara, 3000.000 euro kiroletara, eta 700.000 euro hiri mantenura bideratzea proposatu duela azaldu du.
Kulturari dagokionean, berriz, hainbat ekintza bertan behera utziko lituzkela alderdi sozilaistak gaineratu du bozeramaileak: “Atlantikaldia oso garestia da eta ez ditu helburuak betetzen. Horren ordez, bertan behera gelditu zen erdi aroko azoka berreskuratzea proposatzen dugu, azken horrek eragin ekonomiko eta sozial handia zuelako udalerrian”. Hirigintzaren gainean ere aritu da Rodriguez. Arlo horretan, liburutegi berria, auzoetan udal bulegoak jartzea, aparkalekuak egitea, auzoak urbanizatzea eta Lekuonako proiektua birplanteatu nahi dituela alderdi sozialistak esan du.
Ingurumenaz mintzatu da azkenik. Aiako Harria, Lau hazieta edo añarben ekintzak egin beharra nabarmendu du eta baita bidegorriak hobetzeko beharra. Hondakinen bilketa sistema hobetzeko kanpainak egin beharra ere nabarmendu du.