Aurkikuntza garrantzitsua egin berri dute Aitzbitarteko kobazuloetan. Milaka urtez gordetako Paleolito garaiko labar artea antzeman dute. Hasiera baino ez da, grabatu gehiago izan daitezkeela uste dute adituek
Gravette garaiko bisontearen grabatua aurkitu dute adituek Aitzbitarten. Argaztia: Diego Garate
Altxor arkeologikoa, balio handia duen ondarea topatu berri dute Landarbason kokatutako Aitzbitarteko kobazuloetan. Urteetan hamaika lagun pasatu dira haitzulo horietatik, baina ia guztien begietara ikustezin ziren orain Felix Ugarte elkarteko espeleologoek eta Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek aurkitu dituzten grabatuak. Goi Paleolito garaikoak dira, Gravette arokoak eta Madaleine garaikoak labar irudiak. Lehenek, 28.000 eta 22.000 urte artean dituzte, eta bigarrenek, berriz, 14.500 eta 12.500 urte artean.
Gravette garaiko grabatuen garrantziari erreparatu diote bereziki adituek. Izan ere, Kantaurialde guztian eta Iberiar penintsulan aurkitu diren estilo zehatz horren arrasto bakarrak dira. Aitzbitarte III eta IX kobazuloetan aurkitu dituzte, eta zaldiak, bisonteak eta ahuntzak daude irudikatuta grabatu horietan. Gipuzkoan aurkitu diren bigarren aztarna zaharrenak dira, gainera, Altxerriko (Aia) kobazuloetan aurkitutakoen atzetik.
Grabatu batzuk grafitiak dituzte gainean, irudian azaltzen denaren antzera. Argakia: Diego Garate
Madaleine aroko grabatuak, berriz, Aitzbitarte V kobazuloan topatu dituzte. Azken horretan lau bisonteren labar irudiak aurkitu dituzte, horietako bi, metro ingurukoak.
Silexarekin eta hatzekin
Aurkikuntzak erakusten du 10.000 urtean zehar jendea bizi izan zela Landarbasoko kobazuloetan, eta zientifikoki begiratuta, Goi Paleolito garaian bizi ziren gizakientzat Euskal Herria berezko pasabidea zela. Paper nabarmena izan zuen, hortaz, Euskal Herriak giza taldeen kokaleku, zein pasabide modura.
Silex mineralarekin egindako instrumentuekin egindakoak dira grabatu horietako batzuk, eta hatzekin besteak, adituek zehaztu dutenez. Grabatutako animaliak, berriz, kobazuloen aurrealdetik pasatzen ikusten zituztenak dira.
Euskal ondare arkeologikoan Aitzbitarteko kobazuloak mugarri direla nabarmendu dute adituek. Izan ere, Euskal Herrian zundatutako lehen aztarnegietako bat da Aitzbitarte IV kobazuloa, XIX. Mendearen amaiera aldera izan zen hori. 1960ko hamarkadan, Jose Miguel Barandiaranek bere indusketa lanetan hainbat arkeologia material aurkitu zituen. 2011n, Jesus Altunak beste hainbat material aurkitu zituen Aitzbitarte III kobazuloan. Horiei, orain egindako aurkikuntzak batu behar zaizkie. Batzuk eta besteek, Gipuzkoako Goi Paleolito garaiko ikerketarako gune garrantzitsuena bihurtu dute Aitzbitarte. Adituek diote Landarbason aurkikuntza gehiago egitea espero dutela, azterketa lanak hasi baino ez direla egin, lehio txiki bat baino ez dutela zabaldu.
Felix Ugarte elkarteko espeleologoak eta arkeologoak Landarbason. Argazkia: Sergio Laburu
Kobazuloak, orain itxita, asko eta askorentzat oharkabean joan diren milaka urtetako testigantzak aztertzeko zain dira. Kontatzeko asko dute Aitzbitarteko hormek.
«Aitzbitarte Paleolito garaiko erreferente garrantzitsuena da»
Diego Garate, Bilboko arkeologia Museoko arkeologoa
Zer suposatzen du Aitzbitarten egindako aurkikuntzak?
Aitzbitarte bihurtu da Gipuzkoako Paleolito garaiko zentro garrantzitsuena. Mendi bakarrean aztarnategi nabarmenak daude, Aitzbitarte III eta IV kobazuloetan batez ere, eta apaindutako lau kobazulo daude. Horrelako kontzentrazio bat ez da topatu inon. Deban badira hainbat kobazulo apainduak, baina ez daude mendi berean, bailaran zehar sakabanatuta baizik. Kasu honetan zentro bakarra da, mendia unitate bat zen haientzat. Kobazulo guztiak ezagutzen zituzten, eta 10.000 urteko epean jendea bizitzen izan da Aitzbitarten. Oso garrantzitsua da.
Kantaurialdean aurkitu den Gravette garaiko lehen arrastoa da grabatuetako bat. Landarbason gehiago izan daitezkeela uste duzu?
Bai, segur aski. Bakarrik begirada bat eman dugu momentuz, ikerketa guztia egin gabe dago, eta gauza gehiago aurkituko ditugu.
Esan duzu ikerketa egin gabe dagoela. Zer da zehatz-mehatz egin duzuena orain arte?
Irailean prospekzioak egin genituen kobazuloetan, eta Aitzbitarte V kobazuloan grabatuak aurkitu genituen. Handik hamar egunera espeleologoek beste bi kobazuloetan aurkitu zituzten grabatuak. Orain arte egin dugun bakarra txosten bat izan da, kobazuloetan zer dagoen azaltzen duena, baina ikerketa guztiz egin gabe dago oraindik.
Eta zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Hemendik hilabete batzuetara ikerketa hasiko dugu. Aurrekontua prestatu behar dugu eta aldundiak onartu behar du. Ondoren egin behar den lehenengo gauza da kobazuloen topografia zehatza, gaur egun duguna ez delako zehatza. Topografiak, planoak dira. Momentuz aurkikuntzak izan diren kobazuloenak egingo ditugu, III, V eta IX kobazuloetakoak hain zuzen ere. Espeleologoek badakite beste galeria batzuk daudela kobazuloetan, baina ez dira planoetan azaltzen. Espeleologoek aurretik joan eta esploratu egingo dituzte, eta ondoren, guk, arkeologoak, zer edo zer gehiago dagoen aztertzera joango gara.
Horma guztiak arakatuta, berriz, dokumentazioa egin behar dugu: argazkiak, kalkoak… datu guztiak hartu. Askotan irudiak bata bestearen gainean daude, eta hori zaila da gero irakurtzeko, ez da erraza jakitea zer dagoen grabatua. Hasten zara marrak irakurtzen eta nahikoa zaila egiten da lan hori.
Nola izan zen aurkikuntza? Kasualitatea izan zen?
Ez, aurkikuntza ez zen kasulitatea izan. Guk imaginatzen genuen zerbait egon behar zuela Aitzbitarten, 2012. urtean Aitzbitarte IV kobazuloan hainbat marra gorri oso galdu aurkitu genituelako. Ikusita mendian dauden aztarnategien potentziala, zer edo zer egon behar zuen. Ideia hori bagenuen, eta Felix Ugarte elkarteko espeleologoek oso ongi ezagutzen dituzte kobazulo horiek. Elkarlanean hasi ginen, eta lehen grabatuak nik ikusi nituen Aitzbitarte V kobazuloan, eta ondorengoak beraiek. Horrek berdin dio, elkarlanaren uzta izan delako emaitza. Garrantzitsuena honakoa da, arkeologoek eta espeleologoek elkarlana egiten dugunean emaitzak izaten dituela.
Zergatik ez dira grabatu horiek aurretik topatu, zein da arrazoia?
Arrazoi asko daude, eta ez bakarrra. Gaur egun arte, hemen Euskal Herrian aurkitu diren kobazuloak santutegi handiak ziren, Ekain, Altxerri, Santimamiñe… simil bat egiten badugu azken horiek ziren katedralak, baina gauza txikiagoak eliza parrokialak, ermitak eta halakoak hemen falta ziren. Kantabria eta Asturiasen horrelakoak badaude, baina Euskal Herrian ez zeuden.
Hori ikusita, orain hamar urte prospekzioak egiten hasi ginen eta horrelako gauza txikiagoak bilatzen. Guk esaten dudanean, arkeologoez ari naiz. Bizkaian hasi ginen begiratzen, eta 2012an Gipuzkoan eta Nafarroan jarraitu genuen.
Tokian tokiko espeleologoekin aritzen gara lanean, eta horrela aurkitzen dira gauzak, guk kobazuloak non dauden batzuetan ez baitakigu. Irudiak ez dira bilatu, han zeuden, zailak ziren ikusteko batzuetan, grabatuak oso finak badira ez direlako batere errazak ikusteko. Ekaingo panela, zaldiena, hori edonork ikus dezake, baina gauza txikiagoak badira ez zara konturatzen, asko begiratu behar da eta norbaitek esan behar dizu hor dagoela zu konturatzeko.
Zein bitarteko dituzue kobazuloan sartzeko?
Erabiltzen dugun argia gaur egun oso garrantzitsua da. Orain 30 urte Jose Miguel Barandiaranek egiten zituen ikerketetan bazuen linterna txikia zuloan zehar ibiltzeko jauzi gabe. Guk baditugu LED foko izugarriak, futbol zelaia argiztatzeko modukoak, oso garestiak baina beharrezkoak halako gauzak egiteko. Hori oso garrantzitsua izan da azken aurkikuntzak posible izateko. Argia oso garrantzitsua da, eta azken 15 urteetan asko aldatu da, baliabide izugarriak ditugu LED argiekin.
Gravette garaiko grabatuari eman diozue garrantzia. Zergatik da hain garrantzitsua?
Aitzbitarte IXan bisonte bakarra agertu da, oso sinplea gainera, bakarrik ditu adarrak, konkorra eta buruaren hasiera, baina estiloari dagokionez ez da halakorik Kantaurialdean, ezta Iberiar penintsula osoan ere. Isturitzen (Behe Nafarroa) orain dela pare bat urte horrelakoak aurkitu genituen. Halakoak Frantzian aurkitu dira, eta badira aztarnategi garrantzitsu batzuk. Mendebaldean daude, Pirinioen erdialdean, Frantzian eta Mediterraneoan.
Guretzat oso arraroa zen hori, hemen Euskal Herrian Gravette aldiko aztarnategiak eta Frantziakoak oso antzekoak dira. Ematen du Isturitz dela zentroa, eta bere alboan edo inguruan dauden aztarnategiak harekin lotura dutela. Aitzbitarte III aztarnategiak Isturitzeko satelitea dela dirudi. Artean ez zen loturarik ikusten Kantaurialdean, beste gauzak egiten ziren. Orain bi urte Isturitzen aurkitu genituen eta orain Aitzbitarten, eta horrek aldatzen du gure interpretazioa.
Grafitiak ere azaldu dira grabatuen gainean. Horiek garbitzea izango duzue?
Aitzbitarte V kobazuloan Madalein aldiko bisontea dago, eta gainean badu ikatzez egindako grafitia. Gu kentzen saiatuko gara. Aldundian badaukate zaharberritze tailerra eta haiekin batera saiatuko gara garbitzen. Gainera, hori da nire ustez bisonterik politena.
Kobazuloak itxita daude momentu honetan. Aukerarik izango da gero bisitak egiteko Aitzbitarten? Zein izango da kobazulo hauen etorkizuna?
Bisitak egitea ezinezkoa da. Oso arriskutsuak dira kobazuloak. Aitzbitarte IX kobazulora heltzeko, adibidez, bada 10 metroko desnibela, eta rapelatzen jaitsi behar da, ez da erraza. Baztertuta dago guztiz bisitena, beraz. Baina gaur egun baliabide pila dago hori erakusteko, 3D bat eginez, edo fotogrametria bidez… horrelako euskarriak sortzea dago, eta gaur egun ez dira hain garestiak.
Lehenengo gauza ikerketa egitea da, baina bada beste fase bat, dela aurkitutakoari zabalkundea ematea, eta batez ere Errenteriako jendeak jakitea zer dagoen kobazulo horietan. Bertako jende guztia egon da kobazulo horietan inoiz, eta bat-batean jakitea halakoak daudela izugarria behar du izan. Zer edo zer egin behar da jendeari erakusteko aurkitutakoa.