Zuhurtzia eta herritarrei begira babes neurriak uztartzen dituela aurrekontuak esan zuen Jon Txasko Ogasun zinegotziak.

Aurrekontuen gaineko plenoa
Aurrera egin zuen atzoko ez ohiko bilkuran gobernu taldearen aurrekontu proposamenak. Horrenbestez, 2016. urtean 51 miloi euroko aurrekontua izango du Errenteria-Oreretak, hala babestu dutelako EH Bilduko eta Errenteria Irabaziz alderdiko zinegotziekin aldeko botoekin, 11 guztira. Kontra egin zuten EAJk eta PSE-EEk. Lehenak emendakin partzialak aurkeztu zizkion gobernu taldearen aurrekontu proposamenari, eta bigarrenak, berriz osoko emendakina. PSE-EEren proposamenak ez zuen aurrera egin alderdi sozialistaren aldeko botoak baino ez zituelako jaso. Berdina gertatu zen EAJren proposamenarekin, hiru aldeko boto baino ez zituen jaso.
Jose Angel Rodriguezek gobernu taldearen aurrekontu proposamenak ez diola erantzuten alderdi sozilaistarenherri ereduari edo politikei azaldu zuen, “horregatik aurkeztu dugu osoko emendakina”. Hainbat ataletan diru zatiak igotzea eskatu zuen bitartean, kulturan inbertsio handiak aurreikusten direla gaineratu zuen eta horietan murrizketa proposatu zuen, “Lekuona proiektua eskutatik joaten ari zaigula uste dut. Kulturan 300.000 euroko murrizketa egin daitekela uste du gure alderdiak”. PSE-EEk emendakinan 1.000.000 euro enplegu planetara, 1.200.000 euro ekintza sozialetara, 1.000.000 euro igogailuak eta irisgarritasuna lortze aldera, 200.000 euro merkataritza sustatzera, 500.000 euro hezkuntzara, 3000.000 euro kiroletara, eta 700.000 euro hiri mantenura bideratzea proposatu zuen, besteak beste.
EAJk aurkeztu zuen ondoren bere emendakina. Bost arlotan eskatu zituen aldaketak Maite Peña bozeramaileak. Etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairu soziala sustatzea helburu izango duen diru zatia izatea aurrekontuetan proposatu zuen alderdi jeltzaleak batetik, enplegu politika aktiboak sustatzea, bestetik, herriko saneamendu arazoei irtenbidea emateko ibilgailu xurgatzailea erostea ere eskatu zuen emendakinan, eta azkenik, zahartze aktiborako plan integrala garatzea.
Zuhurtzia eta herritarrei begira babes neurriak uztartzen dituela aurrekontuak esan zuen Jon Txasko Ogasun zinegotziak. Alaberga behea eta goia lotuko duen igogailua, bi aparkaleku Igantzi eta Olibeten, Lekuona, bi liburutegi berri, Kultur etxea Beraunen eta gazteei begirako ekipazioak goiko aldeko auzoetan dira aurrekontuaren proiektu estrategikoetako batzuk.
Langileen galdera
Plenoa baliatuta, udal langile ugari hurbildu ziren bertara alkateari galdera zuzena egitera. Langileen batzordearen bozeramaileak, hilaren 31 baino lehen langileei 450.000 euro ordainduko zitzaizkiola adostu zuela plenoak esan zuen, “diru hori epe horretan jasoko dugun edo ez jakin nahi dugu”. Gaiaren gainean hitz egiteko negoziazio mahai orokorra dela gune egokia erantzun zion Julen Mnedoza alkateak, “arazoa da akordioa lortu behar dela, negoziazio mahia horretarako dago, eta udalak erabateko gogoa du akordioa lortu eta dirua langileen poltsikoetan egoteko”.