Errenteria Solidarioa kanpainan parte hartu zuten elkarte eta erakundeek udalaren aitortza jaso dute gaur. Diploma eta liburu bat eman diete.

Oarsoirriak da Errenteria Solidarioko elkarteetako bat. Irudian, Julen Mendoza alkatearekin, diploma jaso ondoren.
Duela ia bi urte, Urte Zahar gauean sute baten eraginez Trintxerpeko Euskadi Etorbideko bi ataritako bizilagunak etxerik gabe geratu ziren egun batetik bestera. Zorigaitzarekin batera, askotan, zorionez, laguntzeko grina pizten da, eta hala gertatu zen orduan ere, elkartasun uholdea sortu zen. Horren adibide da Errenteria-Oreretan sortu zen Errenteria Solidarioa kanpaina.
Kanpaina horren barruan herriko zenbait elkarte eta erakundek parte hartu zuten, eta gaur, horiek guztiek udalaren aitortza jaso dute, eta elkarte bakoitzari diploma eta liburua eman diete.
Udaletxeko areto nagusia leporaino beteta zegoen. Ekitaldian hitza hartu dute Julen Mendoza alkateak eta Maider Gonzalez elkarteen bozeramaileak. Mendozak nabarmendu duenez, ezbeharraren ondoren hainbeste elkarte laguntzeko biltzea “harrigarria eta ederra” izan zen. Maila horretako koordinazioa oso gutxitan ikusi dela esan du, eta horrez gain, instituzioek eman dezaketen laguntzatik harago, herritarrak solidario izatea garrantzitsua dela gaineratu du. “Balio ekonomikoari beste balio bat gailendu zitzaion: elkartasuna”, esanez bukatu du Mendozak.
Gonzalezek momentu horretan elkarteek edukitako batasuna eta enpatia nabarmendu ditu. Orain egindako kanpaina horri esker, hainbat elkarteren artean lan egiteko modu bat lortu dutela esan du, eta beste ezbeharren bat gertatzen baldin bada, dena antolatuta daukatela. Kanpaina horretan parte hartu zuten elkarteez gain, herritar guztiei egin die aitortza Gonzalezek, eurek emandako laguntzagatik.
Hitzen ondoren, banan banan joan dira diplomak eta liburuak banatzen, eta azkenik, argazki bat ateratu dute guztiek.